CCOOren «mehatxuak» salatu, eta borrokan jarraitzera deitu du EHEk Donostian
EHEk “sinestezintzat” jo du CCOOk "Olentzero epaitegira eraman nahi izatea". "Pizkundea hasi da eta honek ez du atzera bueltarik!", gaineratu dute.
EHEko kideek Donostiako epaitegietan egindako agerraldia.Beñat Parra CCOO sindikatuak Euskal Herrian Euskaraz mugimendu euskaltzaleari (EHE) ohartarazi dio euren jardunaren aurkako salaketa ekintzak egiten jarraituz gero, auzitara eramango dituela EHEko kideak. Zehazki, EHEk abenduaren 24an CCOOren Gasteizko egoitzan egindako ekintza baten harira bidali du jakinarazpena sindikatuak: “EHEren enkarguz, Olentzerok ikatza utzi zuen CCOOk Gasteizen duen egoitzaren atarian. Ekintza horren bitartez, euskararen aurkako oldarraldi judizial eta politikoan sindikatuak jokatzen duen paper estrategikoa salatu zuen eragile euskaltzaleak”, gogorarazi du EHEk. Horren aurrean, EHEk agerraldia egin du ostiral goizean Donostiako epaitegietan.
CCOOren gutunak euskaltzaleak “kikiltzeko” asmoa zuela salatu du EHEk: “CCOOk bere irudi, ospe eta marka eskubideak urratu izana egozten dio EHEri eta, bide judizialak hartu aurretik, adiskidetasunezko konponbidea adosteko proposamena egiten dute”. Gaineratu dutenez, sindikatukoek “mehatxu egin dute Andoaingo Udala ere demandatua izan daitekeela, bi eragileen arteko lotura faltsua eginez. Lotura faltsu hori, paradoxikoa badirudi ere, informazioa euskaratik gaztelaniara desegoki itzultzearen ondorio izan da”.
EHEk azaldu duenez, bide judiziala ez hartzeko, bost konpromiso eskatu dizkio sindikatu espainiarrak mugimendu euskaltzaleari: “Eduki arau hauslea berehala kentzea X plataformatik eta zabaldua izan den gainerako bitartekoetatik; CCOOk dituen eskubide esklusiboak aitortzea; CCOOren irudiari, jabetza industrialari eta instalazioei eragiten dien antzeko ekintza gehiagorik ez egiteko edo ez zabaltzeko idatzizko konpromisoa hartzea; aurrez aipatutako baldintza guztiak bete izanaren frogak aurkeztea eta komunikazio honen konfidentzialtasuna gordetzea, baita bertatik erator daitezkeen negoziazioena ere”. Azken puntu hori, hain justu, gaurko agerraldiarekin hautsi du EHEk, argi utziz ez dutela CCOOk planteatutako konpromiso horietako bakar bat ere betetzeko asmorik.
Olentzero epaitegietara
Horrela, “sinestezintzat” jo dute CCOOk Olentzero “epaitegira eraman nahi izatea, ikatza eramateagatik eta pegatina batzuk itsasteagatik”: “Ez al dakizue zein den Olentzeroren jardunbidea? Gaizki portatzen direnei ikatza ematea. Halakorik jaso nahi ez baduzue, badakizue, zintzoak izan; euskararen aurkako talde antolatuen sustapenean aritzea eta Olentzerok opariak eramatea ez baita bateragarria”.
Izan ere, euskaltzaleek nabarmendu dutenez, Argia hedabideak euskara eskakizunen aurkako oldarraldi judizialaren harira berriki argitaratutako ikerketa erreportaje eta albiste sortak abenduaren 24ko salaketa “indartu” du: “Albisteek berretsi dute CCOO euskaldunon eskubideak murrizteko eta euskararen bazterketa betikotzeko estrategia antolatu baten parte dela. Euren azpijokoa begien bistan geratu da, oraingoan, froga argigarriekin, gainera”. Horren harira, AEK-k egunotan erabaki du CCOOk ez duela dagoeneko martxan den 24. Korrikako lekukoa hartuko, eta zalaparta sortu da; besteak beste, PSE-EEk jakinarazi du ez duela Korrikan parte hartuko, horregatik.
Era berean, EHEk, historikoki, euskararen aldeko “ekintza zuzenak” egin izan dituela gogorarazi dute, eta “lotsagarritzat” jo dute “lan gatazketan, grebetan eta bestelako kontuetan” halakoak egin izan dituen sindikatu batek ekintza bat salatzea. “Bai Olentzerok, bai EHEk, askatasun osoa dute euskaldunon hizkuntza eskubideen kontra diharduten norbanako nahiz eragileak seinalatzeko. CCOOk proposatutako bost konpromiso horiek hartzeko modu bakarra, sindikatuak euskararen kontrako estrategia antolatua bertan behera uztea litzateke eta, benetan, euskararen biziberritzearen aldeko jarrera hartzea”, gaineratu dute EHEkoek.
Horrez gain, “gutuna espainol hutsez jaso izana” salatu dute: “Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza, EAEn baita ofiziala ere, beraz, jakinarazpen oro euskaraz jaso nahi ditugu. Gutuna euskaraz igorri ez izanak, beste behin, argi adierazten du euskararekiko duzuen jarrera zapaltzailea eta baztertzailea”.
Horrela, borrokatzen jarraitzera deitu dituzte euskaltzaleak: “Argi izan dezazuela euskararen aurka abiatutako estrategia gelditu ezean [CCOOrena], zuen jarrera euskarafoboa salatzen jarraituko dugula. Era berean, euskaltzale orori dei egiten diegu, euskaldunon erasotzaileak seinalatzera eta desobeditzera. Euskaltzaleon garaia da. Ohartu ez bazarete ere, pizkundea hasi da eta honek ez du atzera bueltarik!”.




