Euskadi Surfari: surfa, integrazioa eta konpromiso soziala
Euskadi Surfari GKEa 2023an jaio zen, ideia argi batekin: surfa gizarteratzeko tresna gisa erabiltzea. Proiektuaren atzean, itsasoarekin eta aktibismo sozialarekin lotura handia duen familia bat dago. Egunotan, Bigarren Olatua egitasmoa garatzen ari dira.
Bernard Lopez eta Ane Lopez, Euskadi Surfari elkarteko kideak.June Agirre Ansa Gure familian, bi gauza egon dira beti oso presente: surfa eta giza eskubideen defentsa», azaldu du Bernard Lopez Euskadi Surfari elkarteko kideak. Nahasketa horretatik garatu zuten proiektuaren filosofia: «Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntzeko tarte bat eskaintzeko modu egokia izan zitekeela ikusi genuen, surf aktibistak garela esan daiteke».
Surfa integrazio tresna gisa
Elkarteak «txapuzoi surflari» gisa definitzen duen jarduera antolatu ohi du: surfean murgiltzeko aukerarik izango ez luketen gazteengana hurbiltzeko uretako jarduera.
Egitasmoa Kolore Guztiak elkartearekin elkarlanean hasi zen, jatorri migratzaileko gazteekin lan egiten duena, gehienak Magrebetik etorriak. «Haiek jarri gintuzten harremanetan txapuzoian parte hartu zuten lehen gazteekin», adierazi du Ane Lopezek, elkarteko kideetako batek. Gazte haietako batzuk tutoretzapeko pisuetan bizi ziren, eta beste batzuk kale egoerak zeuden.
Denborarekin, proiektuak bere lankidetza sarea zabaldu du. Gurutze Gorriaren programekin lotutako gazteek, Chernobilen Lagunak elkartearekin uda Euskal Herrian igarotzen duten haurrek eta Euskal Herrira iritsitako hainbat familia palestinarrek ere hartu dute parte, hain zuzen ere.
«Politena surfa topagune bihurtzea da», azaldu dute elkarteko kideek: «Hondartzan boluntarioak, auzoko jendea, familiak eta surfa probatzera datozen gazteak nahasten dira». Proiektua auzoko komunitatearen laguntzari esker izan da posible. Ildo horretatik, Euskadi Surfarikoek Groseko Surf Eskolaren lankidetza nabarmendu dute, jarduera asko egin ahal izateko materiala eta instalazioak utzi baitizkie.
Tailer solidarioak San Martinen
Proiektuaren hurrengo urratsak Bigarren Olatua du izena, martxoan San Martin Merkatuan Muchas Telas oihal dendarekin elkarlanean garatzen den ekimena da.
Hain zuzen ere, tailer solidarioak antolatzen ari dira ostiralero, erabiltzen ez diren neoprenoak produktu berri bihurtzeko. «Martxoko ostiral guztietan, erabiltzen ez diren neoprenoak diru zorrotan, nezeserretan edo zorroetan bihurtzen ari gara», azaldu du Ane Lopezek.
Goizeko saioak Muchas Telasko lokalean egiten ari dira, eta arratsaldeetakoak, berriz, San Martin Merkatuan
Muchas Telasko taldearekin oso eskertuta agertu dira Euskadi Surfarikoak: «Hasieratik babestu gaituzte, bitartekoak eman dizkigute eta prozesu guztia polita eta erraza izatea eragin dute», adierazi dute kideek. Tailerrak irekiak dira, bai josketan esperientzia duten pertsonentzat, bai lagundu nahi duen edonorentzat. «Beti behar dira eskuak: materiala mozteko, neurtzeko edo paketeak prestatzeko», gehitu dute.
Goizeko saioak Muchas Telasko lokalean egiten ari dira (10:00-13:00), eta arratsaldeetakoak, berriz, San Martin Merkatuan (17:00-19:30), edonork proiektua ezagutu ahal izan dezan. Gainera, prestatzen doazen produktuak azokan bertan egongo dira eskuragarri, baita elkarteak iragarriko dituen taberna eta denda batzuetan ere.
Birziklatzea, berrerabiltzea eta dohaintzak
Birziklapena hasieratik egon da presente Euskadi Surfariren filosofian. Neoprenoa bereziki zaila da birziklatzen, kautxu sintetikoz osatuta baitago. Horregatik, material hau berrerabiltzea da elkartearen lan ildoetako bat. «Bigarren bizitza bat emateko eta jasangarritasuna bultzatzeko aukera bat da», azaldu du Bernard Lopezek.
Gainera, elkarteak herritarrei dei egin die jada erabiltzen ez duten materialarekin laguntzeko. Neopreno zaharrek, surf taulek edo bestelako kirol materialek proiektuaren barruan erabilgarriak izaten jarrai dezakete. Horrela, erabiltzen ez duten materiala dohaintzan emateko edo Euskadi Surfari elkartearekin harremanetan jartzera deitu dute.
Ekimen hauen bidez, Euskadi Surfarik bere beste helburu nagusietako batean aurrera egin nahi du: surfaren munduari lotutako materialak murriztu, berrerabili eta birziklatzean oinarritutako eraldaketa sozioekologikoan lagundu.
Etorkizunari begira
Ekimen honetatik harago, Euskadi Surfariaren helburua bere esentzia galdu gabe haztea da, pixkanaka. Izan ere, gizarteratzeak euren lehentasuna izaten jarraitzen du.
«Txapuzoia eta gero hamaiketako bat egiten dugu, auzokoak gerturatzen dira, hondartzan partida bat jokatzen dugu… ez dugu espiritu hori galdu nahi, eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden gazteei harrera egiten jarraitu nahi dugu».
Era berean, gazteekin Euskal Herriko hainbat lekutara surf bidaiak antolatu eta beste elkarte batzuekin kolaborazioak egin nahi dituzte etorkizunean: «Hazten jarraitu nahi dugu, eta elkarbizitzarako guneak behar dituzten beste kolektibo batzuekin elkarlanean aritu», nabarmendu dute. «Surfak komunitatea sortzeko, harrera egiteko eta aukerak eskaintzeko balio badezake, orduan, bide egokian gaude».



