Familia, itxurakeriaren agertoki
Filma: Father Mother Sister Brother
Zuzendaria: Jim Jarmusch
Urtea: 2025
Herrialdea: AEB
Zinema estatubatuar independenteko aurpegi emankorrenetakoa den Jim Jarmucshek bere unibertso propioaren baitan bildu ditu bere ohiko kolaboratzaile zein motibo narratiboak. Atal ezberdinetan zatituta, familiarteko harremanak, elkartze indartuak eta konpondu gabeko tentsioak arakatu ditu Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia irabazi duen Father Mother Sister Brother lan zoragarrian.
Giza sentimenduen barrenetara bidaia metaforikoa dakarkigu Jarmschusek, geruza ezberdinetan aletu daitekeena. Bidaiak, ohi bezala, auto bidezkoak izango dira, non filma egituratzen duten hiru istorioetako protagonistek elkarrizketa hutsalak izango dituzten. Night on Earth (1991) maisulana gogoan, munduan barrena –AEB, Irlanda, Frantzia– aurkeztuko dizkigu pertsonaiak, denak ere, urteak elkar ikusi gabe igaro ondoren gurasoekin (edo horien oroitzapenarekin) berriro bilduko dira. Kotxeetako azaleko intimitateak talka egingo du, nolabait, elkargune diren apartamentuetako itxurakeriarekin.
Zinemagile estatubatuarren artean, Jarmusch europarrena dela esan izan da, eta bere filmografia luzean zehar erakutsi du 60ko eta 70eko zinema berrien kontzientzia auto hausnartzailea bere egin duela. 1980ko hamarkadakoak ditu bere lehen pelikulak, eta denetan ere nabari zaio sentsibilitate eta begirada gizatiarra. Gertaeretan baino, pertsonengan jarri izan du fokua, are, bere film berrienean: Eric Rohmerrren zinemagintzako premisa zuhurrenari atxikita, portaerek ezkutatzen duten egiaz arituko zaigu Jarmusch. Beren bizitza performance bilakatu eta (kasu honetan) urruneko edota arrotz dituzten senideen aurrean antzeztuko dute Father, Mother eta Sister Brother ataletako pertsonaia guztiek.
Eszenaratze hutsa gara, zinema bera bezala. Eta zuzendari estatubatuarrak ezin hobeto eraman du ideia hau pantailara. Ezjakintasuna eta sorpresa dira nagusi —ustekabeko irakurzaletasunak, ezkutuko maitasun harremanak, dokumentu faltsifikatuak…—, eta isilune sotilak, enkoadratze eta aktoreen artikulazio espazial eleganteak eta jantzi eta koloreen joko sinbolikoak istorio batetik bestera joango dira errepikatzen, zatikatutako diskurtsoaren unibertsaltasuna azpimarratu nahian.
Hiperkonektatutako gizarte garaikide honek pairatutako gaixotasun kroniko larriena du Father Mother Sister Brother-ek ardatz, komunikazio eza, alegia; eta familia bera da biktima sentikorrena.


