Hogei urte Herrerak bere azken baserria galdu zuenetik
Baserri maitatua zen Herreran Peruene, historia luzekoa. Hainbat mendeko historia zuen, eta auzoan zutik iraun zuen azkena izan zen. Gaurko egunez eraitsi zuten, duela hogei urte.
Peruene baserria, 1930eko eta 1940ko hamarkaden artean.Andoni Aginaga/Altzako Historia Mintegia Gauza jakina da Altza baserri auzo bat izan zela garai batean, baina XX. mendearen bigarren erdialdean, egun ezagutzen dugun Altza forma hartzen joan zen, pixkanaka. Horrela, baserri asko eta asko galtzen joan ziren, eta Altzagainan oraindik hainbat zutik badaude ere, beste auzune batzuetan dagoeneko ez da bakar bat ere gelditzen. Herrerak, hain zuzen ere, gaurko egunez galdu zuen bere azken baserria, duela hogei urte, 2006ko martxoaren 20an.
Peruene zen baserri hori, auzoan historia luzea zuena eta oso maitatua zena. San Luis plazan zegoen, eta Herreraren zaharberritze planaren barruan eraitsi zuen udalak, bertan etxebizitzak eraikitzeko. Garaian, jakina zen baserria botatzekoak zirela, baina data zehatza ez zen ziurra, eta IRUTXULOKO HITZA izan zen baserriaren eraisketaren berri ematen lehena, Raul Perez kazetariaren eskutik, 2006ko martxoaren 20ko alean: «San Luis plazako Peruene baserria lurrera botatzen hasiko dira gaur. Herrerako azken baserria». Peruene izenez zen ezaguna, baina, berez, Peruene-Zar zen bere izena.
Mendeetako historia
Hedabide honek orduan jaso zuenez, Patxi eta Jose Luis Mendizabal anaiak ziren Perueneko arduradunak baserria bota zutenean, eta Patxiren ustez, 500 urtetik gora eduki behar zituen etxeak: «Altzako parrokia duela 600 urte egin zuten. Eta eliza egiteko, ezinbestekoa zen inguruan jendea izatea; baserriak egotea, alegia. Ziurrenik, ordurako bazegoen Peruene», adierazi zuen. Altzako Historia Mintegiko datuen arabera, ordea, apur bat gazteagoa zen Peruene, XVIII. mendekoa, ziurrenik. Modu batera edo bestera, argi dago hainbat mendetan zehar bertan egon zela baserri historikoa.
XX. mendean ingurua eraberritzen joan ziren heinean, lursailak galtzen joan zen Peruene, garai batean, Altzako hilerriraino heltzen baitziren
Hainbat izan ziren, historian zehar, Perueneko maizterrak, eta Perezek 2006an jaso zuenez, Mendizabal-Iartzabal sendia 1925etik bizi zen bertan: «Gregorio Mendizabal hernaniarra eta Nicolasa Iartzabal errenteriarra 1925. urtearen inguruan hasi ziren Peruenen bizitzen, maizter. Eta 1958an, haien esku geratu zen Herrerako San Luis plazako Peruene baserria».
Familia horrek behiak eduki zituen baserrian, eta asko izan ziren, urte luzez, hara marmitak esnez betetzera joan ziren altzatarrak: «Patxi Mendizabalek gogoan du jaioberriei esnea ematerik ez zuten inguruko ama asko baserrira hurbildu ohi zirela esne bila», azaldu zuen IRUTXULOKO HITZAko kazetariak. Horrez gain, garai batean, sagardoa ere egiten zutela eta baserrian zegoen iturri baten inguruko XX. mendearen hasierako bitxikeria ere jaso zuen hedabide honek: «Altzako udaletxean egindako bileretan, iturria izan zuten eztabaidagai behin baino gehiagotan. Sasoi hartan, tunel bat egiten ari ziren Herreran, eta bertakoak kexu ziren, ohi baino ur gutxiago eta okerragoa isurtzen zuelako iturriak».
Lursailak lehenik, baserria ondoren
Garai batean, Altzako hilerriraino heltzen ziren Peruene baserriaren lurrak, baina, pixkanaka, XX. mendean ingurua eraberritzen joan ziren heinean, lursailak galtzen joan zen Peruene, besteak beste, Txingurri inguruko etxeak eta saihesbidea egin zituztenean. Azkenean, 2006an, baserria bera ere galdu zuten.
Hainbat auzotarrek proposatu zuten bertan Herrerako kultur etxea eraikitzea, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak udalari tentuz jokatzeko eta ikertzeko eskatu zion, baserriaren azpian, ustez, 300 urteko harraska zegoelako. Hala ere, ordea, 2006ko martxoaren 20an, makinak bertan sartu ziren, baserria botatzeko. Lursaila hutsik eta utzita egon zen hiruzpalau urtez, etxeak eraikitzen hasi ziren arte, eta, egun, eremuaren atzeko kalearen izena da Herrerako azken baserri maitatu horren arrasto bakarra.




