Lekuko bat ‘gehigo’
Korrikak baditu hutsik egiten ez duten lagunak, eta, beste behin ere, Juantxo tabernak 24. Korrikan lekuko hartze bat edukiko du. Hamargarren Korrikatik ez du hutsik egin, eta aurtengoa berezia izango da Xabi Agirre arduradunarentzat.
Xabi Agirre, Juantxo tabernako arduraduna.Gorka Correyero Tortilla ogitartekoen artetik entzuten da Korrika furgonetaren burrunba, Juantxo tabernak egun handia du. Danborrada, Aste Nagusia, San Tomas eguna… asko dira egutegian gorriz markatutako egunak tabernarentzat. Martxoaren 25a ere berezia izango da. Korrikak Parte Zaharreko kaleak ertzetik ertzera zeharkatuko ditu, eta beste urte batez bertan izango dira Juantxo tabernako lagunak. Xabi Agirre bertako arduradunarentzat egun handia izango da, eta Korrikaren atarian urduri egon ez arren, urduritasunak gora egingo du eguna heldu ahala.
Aspaldiko kontuak dira Agirreren lehenengo Korrikaren oroitzapenak: «2001. urteko Korrikan, tabernak lasterketarekin bat egiteko kamiseta bereziak egin zituen, eta oso polita izan zen», gogoratu du. Juantxo Korrikaren ondoan egon dira beti, eta Agirrek azken Korrikak atzoko kontuak izango balira bezala gogoratu ditu: «Oso hunkigarria izaten da beti, aspalditik horrela bizi izan dut».
Guztiak bereziak badira ere, aurtengoa are bereziago izango da Juantxoko arduradunarentzat. Aurten, konpainia oso berezia izango du, Ijentea kaletik Sarriegi plazara arteko metroak bere seme-alabekin egingo baititu, eta oso polita izango dela dio: «Betidanik ezagutu dut taberna Korrikan parte hartzen, gure izaeraren parte garrantzitsua da bertan parte hartzea». Agirreren hitzetan, kilometro honek balio handia du, «eguneroko lanari jarraipena ematen diolako».
Juantxo tabernan euskara da nagusi, betidanik garrantzi handia eman baitiote hizkuntzari
Euskara Juantxo tabernaren oinarrietako bat izan da beti: «Taberna bakoitzak bere balioak ditu, eta, gure kasuan, euskara da horietako bat», dio, harro. Tabernan euskara da nagusi, betidanik garrantzi handia eman baitiote hizkuntzari. Jakintzaren eta erabileraren arteko arrakalari buruz galdetuta, argi du Parte Zaharrean jakintza maila handia dagoela: «Barraren atzetik sentsazio hori dut, tabernara sartzen den edonor gai da euskaraz eskatzeko». Bezeroen arteko elkarrizketetan, berriz, gaztelania gehiago entzuten dela uste du. Erabilerari dagokionez, zalantzak ditu.
Tortilla bat ‘gehigo’
Zerbitzua eraginkorra eta azkarra izan dadin, euskarazko hitz gakoak dituzte, esaterako, tabernan hainbestetan entzun daitekeen «bat gehigo». «Mikrofonotik eskatzeko erabiltzen dugun esamoldea da». Honen bitartez, sukaldariei jakinarazten diete prestatzen ari diren ogitartekoa ez dela bakarra izango, eta mota horretako bat baino gehiago dagoela bidaltzeko. «Hau da, zuk tortilla ogitarteko bat eskatzen duzu, eta ondokoak beste tortilla ogitartekoa eskatzen duenean ‘tortilla bat gehigo’ esaten dugu», azaldu du Agirrek. Korrikan parte hartzeko, adibidez, Bat Gehigo izenez parte hartzen dute Juantxoko langileek: «Enpresaren izena edo arrazoi soziala hori da».
Juantxo taberna ez da auzoan euskara entzuten den taberna bakarra, beste hainbat tabernatan ere euskaraz eroso hitz egiteko aukera dute Donostiako bizilagunek. Horietako hainbatek, gainera, Korrikan parte hartzen dute, baita ere: «Gurekin batera, Federiko eta Gandarias tabernako lagunek ere Korrikan parte hartzen dute».
Euskararen gotorlekua
Martxoaren 25ean, asteazkenarekin, Korrikako furgoneten motor hotsak kolorez beteko ditu sarri turistez beterik egoten diren kale estuak. Auzoan, turistifikazioa toki askotan antzeman daiteke, «pintxoaren jaiolekua» deitzen baitiote. Hala ere, Agirrek oso garbi du Juantxo tabernak auzotarren topagunea izaten jarraitzen duela, eta betiko bezeroak dituela. «Ez dakit gurea euskararen gotorleku bat ote den». Turismoak Donostian egun duen ereduaren gainean galdetuta, egoerari irtenbide bat ematea zaila dela dio, eta hemendik gutxira, dagoeneko jo ez badu, egoerak goia joko duela. «Hausnarketa egin behar dugu; honaino heldu gara, eta pentsatu behar dugu zein izan daitekeen berehalako irtenbidea», azaldu du.
Turismoaren gorakadak euskararen presentzia murriztea ekarri duela gaineratu du Agirrek: «Taberna batzuek argi dugu euskaraz lan egiten jarraitu nahi dugula, bezeroek euskaraz artatuak izateko aukera izan dezaten». Euskararen erabilera bermatu nahi dutela nabarmendu du.
Beste hainbat tabernatan ere euskaraz eroso hitz egiteko aukera dute donostiarrek. Horietako hainbatek Korrikan parte hartzen dute
Juantxoko kartan euskara azaltzen da lehenengo, gainera, tamaina handian. Agirrek argi du, tabernak turista ugari izanik ere, norentzat lan egin behar duen: «Bertakoen toki kutuna izateagatik, kanpotarrentzat leku enblematiko bihurtu da». Auzoak jarrera irmoa du turismoaren egoera bideratzeko, eta Agirrek uste du gaur egungo egoerari buelta emateko eta betidanik izan duen identitatea errekuperatzeko gaitasuna duela.
Auzoaren etorkizun euskalduna
«Auzoan euskarak indarra izan dezan nahi badugu, lan egin behar dugu». Euskara egunerokoan txertatzeko etxeetan egindako lana goraipatu nahi izan du Juantxo tabernako arduradunak: «Zuk zeuk egin behar duzun hautua da». Horretarako, Korrikan parte hartzeko gonbita egin du Agirrek. Ez dute beraien kilometroan zehazki parte hartzeko deia egin, jakin baitakite deialdi berezirik egin gabe ere, donostiarrak prest daudela Korrikarekin bat egiteko.
«2024ko Korrika larunbatez pasa zen hemendik, eta 2022an hemen bukatu zen», gogorarazi du Agirrek. Aurten, ordea, asteazken goizez igaroko da: «Pasatzen den unean pasatzen dela, momentu oso politak biziko ditugu Juantxoko langileok, eta, oro har, euskaldunok». Korrika Juantxo tabernak duen konpromisoaren erakusgarri da, eta 25. aldian, ziur, lekuko hartze bat gehigo edukiko dutela.


