Nerea Arrienek eta Jon Gerediagak eskuratu dute Kutxa Fundazioa Literatura Saria
Nerea Arrien idazlea. 58. aldiz, antzerki lanak eta ipuin bildumak saritzea xede duten Donostiako Kutxa Fundazioa Literatura Sariak banatu ditu Kutxa fundazioak. Jon Gerediagak irabazi du euskarazko antzerki onenaren saria, Kontuz Ikaro! lanarengatik, eta Nerea Arrienek, aldiz, euskarazko kontakizun liburu onenarena, Bazterreko batzuk lanari esker. Idazle bakoitzak 15.000 euroko saria jasoko du, eta euren lanak argitaratuko ditu fundazioak.
Jon Kortazar, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi izan dira epaimahaiko kideak euskarazko kontakizunaren arloan, eta Ainara Gurrutxaga, Amancay Gaztañaga eta Iñaki Cid antzerkiaren arloan. Epaimahaiak, hain zuzen ere, aipamen berezia egin dio Aitor Oñate idazlearen Tractatvs de familiis eta aliis pestibvs kontakizun bildumari.
Gaztelaniazko literatura
Gaztelaniazko literaturari dagokionez, Ernesto Is idazleak jaso du antzerki onenaren saria, Río rojo lanarengatik. Gaztelaniazko kontakizun liburu onenarena, aldiz, eman gabe utzi dute, epaimahaiaren arabera, kontakizun liburu bakar batek ere ez duelako lortzen “oinarrietan ezarritako kalitate literarioaren irizpideen arabera eskatutako maila”. Maria Goirizelaiak, Lucia Carballalek eta Alberto Conejerok osatu dute gaztelaniazko antzerkiaren epaimahaia, eta Mardelo Lujanek, Angel Basantak eta Espido Freirek kontakizunen arlokoa.


