Txorien soinu bandaz gozatzeko aukera, Ametzagaina parkean
Uba aterpetxea, Ametzagaina parkean. Udaberriaren etorrerarekin batera, natura esnatzen hasi da, eta txorien kantuak bihurtu dira paisaiaren soinu nagusi. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Parketxe Sareak txorien kantuak ezagutzeko saio berezia antolatu du hilaren 28rako, Ametzagaina parkean.
Askotan ez dugu inguruan ditugun txorien kantuak identifikatzen edo ulertzen zergatik kantatzen duten. Horri erantzuteko asmoz, ibilaldi gidatu erraza egingo dute Ametzagainan, Mikel Olano basozainaren eskutik. Saioan zehar, parte hartzaileek txori espezie ugari identifikatzeko aukera izango dute, eta, aldi berean, haien bizimoduari eta portaerari buruzko azalpenak jasoko dituzte.
Hitzordua goizeko 10:00etan izango da, eta aurrez izena eman beharko da. Parte hartzeko prezioa sei eurokoa da, eta lau eurokoa 12 urtetik beherakoentzat. Elkargunea UBA Hostel aterpetxean izango da.


