Urrea eta zilarra ekarri ditu Ander Cepas mahai teniseko jokalariak Italiatik
Ander Cepasek nazioarteko txapelketetan emaitza onak lortzen jarraitzen du. 2024ko Parisko Udako Jokoetan brontzezko domina eskuratu zuen donostiarrak, eta dagoeneko begirada jarrita dauka 2028ko Los Angeleseko Jokoetan. Banakako proban eta gizonezkoen binakakoan ez ezik, binakako mistoan ere ari da nabarmentzen; azken modalitate hori ere egongo da Los Angeleseko programan.
Joan den astean Wladyslawowoko Para Challenger txapelketan lortutako dominei —banakako zilarra eta taldeko bi brontze— asteburu honetan Italian irabazitakoak gehitu behar zaizkie. Banakako lehian (9. klasea) talde faseko bi partidak irabazi zituen: lehenengoa 3-0 Joao Pedro Ribeiro brasildarraren aurka, eta bigarrena 3-1 Jan Reinig alemaniarraren kontra. Ondoren, final-laurdenetan Ka Sing Ho Hong Kongeko jokalaria 3-0 garaitu zuen, eta finalerdietan Lev Kats ukrainarra menderatu zuen. Finalean ere nagusi izan zen, Joshua Stacey britainiarra 3-1 hartuta, eta urrezko domina eskuratu zuen. Binakako mistoan (XD17-20 klasea) bigarren domina iritsi da.
Cepasek eta Olaia Martinezek osatutako bikoteak partida guztiak irabazi zituen finalera iritsi arte, kroaziar, brasildar eta beste hainbat bikote kanporatuta. Azkenean, finalean, De Oliveira eta Parinos brasildarren aurka galdu zuten 2-3, eta zilarrezko domina lortu zuten. Gizonezkoen binakakoan, berriz, Cepas eta Juan Bautista Pérez final-laurdenetan geratu ziren; gauza bera gertatu zitzaion Iker Sastre bilbotarrari Daniel Rodríguezekin. Emakumezkoen taldekako lehian (WD14-20 klasea), Olaia Martínezek eta Maria Migueles kataluniarrak zilarrezko domina eskuratu zuten, finalean brasildarren aurka 3-2 galdu ondoren.


