Bentaberriko familientzat «behin betiko irtenbideak» eskatu ditu EH Bilduk
Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzak Testa-Blackstone putre funtsaren esku geratu zirela-eta, bizilagunen protesta, 2020an. Joseba Parron San Sebastian EH Bilduk ohartarazi du Bentaberriko etxebizitza babestuetan bizi diren bizilagunen “ziurgabetasuna handituz” doala. Otsailaren erdialdean, Testa-Blackstone putre funtsak —etxe horien jabeak— etxe horietan bizi diren 510 familietako batzuei jakinarazi zien urtebeteko epean beren etxeak utzi beharko dituztela. Hori dela eta, EH Bilduk ekimen bana erregistratu du Donostiako Udaletxean eta Gasteizko Eusko Legebiltzarrean, “Etxebizitza Sailak aldi baterako erantzunak alde batera utzi, eta familiei behin betiko irtenbideak emateko”.
Ricardo Burutaran zinegotziak gogora ekarri duenez, “ez dugu ahaztu behar Babes Publikoko Etxebizitza (BPE) kalifikazioa daukatela etxebizitza horiek oraindik ere, eta edozein jabetza aldaketa egitea, Eusko Jaurlaritzaren Administrazioak lehentasunez erosteko eskubideen mende dagoela, hura baita lurzoruaren eskubidearen titularra, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren Aginduan adierazitako prezioan erosi ere”.
Zentzu horretan, arauak ezartzen du etxebizitza horien titulartasunaren edozein eskualdaketa Eusko Jaurlaritzari jakinarazi behar zaiola aurrena, etxebizitza horiek lehentasunez eskuratzeko eskubideak baliatu ahal izan ditzan hark, hala irizten badio. “Guk dakigula, ez da araudiak agintzen duen jakinarazpen hori egin, eta, beraz, administrazio jarduleak lehentasunezko eskuratze-eskubide hori baliatzeko aukera ere ez da izan”, gaineratu du Burutaranek.
Udalbatzarra eta legebiltzarra
Osteguneko udalbatzarrean, Bentaberriko etxebizitzen inguruko mozio arrunt bat aurkeztuko du EH Bilduk. “Mozio horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu azter ditzala eta, hala badagokio, ekin diezaiola, Bentaberriko 510 etxebizitza babestu horien gaineko lehentasunezko eskuratze eskubidea gauzatu ahal izateko lege ekintza egokiak”, azaldu du udal taldeak.
Horrekin batera, Jaurlaritzari eskatu diote etxebizitza horiek erosi ondoren, “babes publikoko etxebizitza gisa kalifikatu daitezela behin betiko, deklarazio horri dagozkion prezio mugekin”. Era berean, Bentaberriko Alokairu maizterren elkarteari eta pertsona interesdunei etxebizitza horien inguruan egiten diren jarduera guztien berri “puntualki” ematea eskatu diote.
Bihar, berriz, EH Bilduk arretaz jarraituko du Bentaberriko bizilagunek Eusko Legebiltzarrean egingo duten agerraldia. Modu paraleloan, EH Bildu alderdiak galdera sorta bat erregistratu du Legebiltzarrean erantzun daitezen.


