Donostiako Korrikaren ibilbidea eta lekuko hartzeak, kalez kale
Asteazken goizean (hilak 25) ibiliko da 24. Korrika Donostian barrena, goizean goizetik eguerdira arte. Auzo gehien-gehienak zeharkatuko ditu euskararen aldeko herri ekimen erraldoiak, eta lekukoa hamarnaka norbanako eta eragileren eskuetatik pasatuko da.
Hain zuzen ere, beheko mapa interaktiboan kontsultatu dezakezue Donostiako ibilbide osoa eta puntu bakoitzean zeinek hartuko duen lekukoa. Horrez gain, gure atal berezian aurkituko dituzue Korrikaren inguruko hainbat eduki, prestatu dugun joko berezia, zuzeneko emisioa eta abar. Asteazkenean bertan, halaber, Korrikaren Donostiako jarraipena egingo dugu.
Gogoratu behar da bi aldiz ibiliko dela Korrika Donostiako kaleetatik. Lehenik, 07:45 aldera sartuko da, Trintxerpetik: Bidebietan eta Altzan murgilduko da, eta 08:30ak aldera, Pasai Antxo eta Errenteria aldera joango da, Buenavistatik. Ondoren, 09:30ak aldera, Herreratik sartuko da berriz Donostian, orduan bai, hiri osoa zeharkatzen hasteko. 13:00ak aldera aterako da Donostiatik, Añorga ingurutik.


