Gorroto istiluen aurrean jarduteko protokolo «aitzindaria» aurkeztu du udalak
Zaira Garcia Sorginlore elkarteko kidea eta Iñigo Garcia Aniztasun zinegotzia, protokoloaren aurkezpenean.Donostiako Udala Donostiako Udalak gertakari arrazista, xenofobo eta ijitoen eta LGTBI+ pertsonen kontrakoen aurrean jarduteko protokoloa aurkeztu du. Tresna horren bidez, gorrotoak eragindako diskriminazio edo indarkeria egoeretan ematen den erantzun instituzionala indartu nahi dute.
Udalak nabarmendu duenez, Donostia da EAEko hiri “aitzindaria” horrelako protokolo bat onartzen, “gorroto istiluei prebentzioaren eta koordinazioaren ikuspegitik heltzeko mekanismo instituzional espezifikoak ezartzeko”.
Sorginlore Elkarteak egin du protokoloa, kontsulta prozesu baten bidez. Prozesu horretan, udaleko osoko bilkurako alderdi guztietako ordezkari politikoek, inplikatutako udal arloetako teknikariek eta hiriko gizarte ekintzako hirugarren sektoreko profesionalek eta aktibistek parte hartu dute.
Dokumentuak hainbat udal zerbitzu inplikatzen dituzten jarduketa prozedurak ezartzen ditu, eta gizarte erakundeekin eta baliabide espezializatuekin koordinatuta lan egitea sustatzen du, gorroto gertakari posibleak prebenitzeko, detektatzeko eta horietan esku hartzeko, bai eta eragindako pertsonei laguntza eskaintzeko ere.
Berritasun gisa, erantzun instituzional bat jasotzen du, epai judizialen mende egongo ez dena eta gorroto-zantzuen aurrean aktibatuko dena; eremu digitala txertatzen du; intzidenteak salatzeko edo komunikatzeko sarbide kanalak zabaltzen ditu, eta justizia errestauratiboaren aldeko apustua egiten du, kasu arinetan. Gainera, udalak agente aktibo gisa duen zeregina indartzen du, gertakari horien aurrean adierazpen publikoak eta ekintza komunitarioak egitea barne.
Hiru jarduera ildo
Protokoloak hiru jarduera ildo nagusi ditu: prebentzioa, prestakuntzaren, sentsibilizazioaren eta kanpainen bidez; esku hartzea, faseka egituratutako prozedura bati jarraituko diona eta udalaren, poliziaren eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioarekin gauzatuko dena; eta erreparazioa, biktimari arreta indibiduala ematera eta bizikidetza komunitarioa berreskuratzera bideratua.
Oro har, ikuspegi aldaketa bat dakar: delituan soilik oinarritutako erantzuna eman beharrean, gorrotoa fenomeno sozial gisa jorratzen duen estrategia zabalago batean oinarritzen da, biktimen babesa eta gizarte kohesioa lehenesten dituena.
Protokoloa, gainera, dokumentu bizia izango da, eta aplikatu ahala berrikusi eta egokitu daiteke. Ildo horretan, lehen bertsio honen helburua ez da behin betiko erantzunak ematea, baizik eta prozesu progresibo bati ekitea, jarrera diskriminatzaileei ematen zaien erantzun instituzionala hobetzeko.
Jardunaldia
Testuinguru horretan, datorren maiatzaren 8an, Aieteko jauregian Nola erantzuten diogu gorrotoari: jardunbide arrakastatsuak, gorrotoa kudeatzeko eta konpontzeko jardunaldia egingo da. Topaketa horretan, gorroto-delitu arrazistei, xenofoboei, ijitoen edo LGTBI+ pertsonen kontrakoei aurre egiten adituak diren pertsonak izango dira. Jardunaldia, gainera, udal protokoloa jendaurrean aurkezteko gunea izango da.


