Ekainean itxiko dute Eureka zientzia museoa
Miramongo Eureka zientzia museoa.Eureka Jakina zen Kutxa Fundazioa Miramongo Eureka zientzia museoa aurten ixtekoa zela, eta data zehatza iragarri berri du: ekainaren bukaeran itxiko dute, behin betiko. Fundazioak 2021ean abiatutako transformazio estrategikoaren parte da erabakia. Horrela, Kutxa Fundazioak Tabakaleran irekiko du zientziaren inguruko proiektu berri bat 2027an: Atenea.
25 urte inguruko historia dauka Eureka museoak, eta milaka dira urteotan bertatik pasatu diren herritarrak, bereziki, haur eta gazteak. Atenea, bestalde, “zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika uztartuko dituen ingurune gisa” planteatu du fundazioak, “diziplinarteko ikuspegi batetik, formatu malguagoekin, parte hartzaileagoekin eta kolaboratzaileagoekin”.
Sinadura bilketa
Eureka zientzia museoaren itxieraren albistearen aurrean, haserre agertu dira Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako zientzia eta hezkuntza komunitateko kide ugari, itxiera “galera konponezina” izango delakoan. Horrela, museoa ez ixteko eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute, hemen.


