Martuteneko espetxea «memoria historikoaren leku» izendatzeko eskatu dute 24 erakunde memorialistek
78 urteko historia du kartzelak, tartean frankismo garaikoa. Laster eraitsiko dute, eta Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari eskatu diete "elementu adierazgarriren bat" gordetzeko, "sortutako mina eta egia historikoa ahalik eta gehien errespetatuz".
Martuteneko espetxea.Irekia Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek otsailean iragarri zutenez, “maiatzean edo ekainean” dira Martuteneko espetxeko presoak Zubietako kartzela berrira lekualdatzekoak, eta, horrela, 2027ko lehenengo seihilekoan eraitsiko lukete Martuteneko presondegia. Horren harira, Euskal Herriko 24 erakunde memorialistek bat egin dute, Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari eskatzeko espetxe zaharra “memoria historikoaren leku” izenda dezatela, “Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legearen VII. kapituluko 29. artikuluari jarraikiz, nabarmena eta ezaguna baita 1. puntuan zehazten diren baldintzak betetzen dituela”.
Martuteneko kartzela 1948an inauguratu zuten, frankismo betean, eta 78 urteko historia du. Hirigintza garapen bat dago aurreikusita bertan, 400 etxebizitza ingurukoa, eta memorialistek eskatu dute garapen horretan txertatzeko gunea memoria historikoaren leku izendatzea: “Bi erakundeei eskatzen diegu, eraisteko unean haren elementu adierazgarriren bat gorde dadin (sarrera, garita, eta abar), etorkizun hurbilean, sortutako mina eta egia historikoa ahalik eta gehien errespetatuz, eremu horretan aurreikusitako hirigintza garapenaren esparruan txerta dadin”.
Giza eskubideen urraketak
“Martuteneko espetxea errepresio frankistaren adierazle nabarmena izan zen, batez ere salbuespen egoerako aldietan, 1968ko salbuespen egoerako adierazle nagusiarekin”, nabarmendu dute memorialistek. Horregatik, aipaturiko izendapena egiteko eskatu dute, eta eskaera zehatzago bat ere egin diote Donostiako Udalari: “Aranzadi Zientzia Elkarteak (edo udalak komenigarritzat jotzen duen erakundeak) azterlan xehatu bat egin dezala Martuteneko espetxean 78 urtetan egindako giza eskubideen urraketa larriei buruz”.
Torturetan jarri dute fokua, bereziki: “Kontuan hartuta Nazio Batuen Erakundearen ustez “torturak ondorio iraunkorrak” eragiten dituela eta Martuteneko espetxean pertsona asko espetxeratuak izan direla giza eskubideen urraketa larri hori jasan ondoren, bai frankismo garaian, bai ondoren, Kriminologiaren Euskal Institutuari (KREI) Martuteneko espetxean torturatu eta giltzapetutako pertsonei buruzko datuak eskatzeko eskaera luzatzen diogu udalari”. “Tortura biktima horietako asko Euskal Autonomia Erkidegoan motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta erreparazioa emateko uztailaren 28ko 12/2016 Legearen arabera aitortuta daude”, gaineratu dute.
Hauek dira eskaera egin duten 24 erakundeak: Altafaylla Kultur Taldea, Baskale Elkartea, CNT Euskadiren Memoria Historikoaren Batzordea, Durango 1936 Kultur Elkartea, Egiari Zor Fundazioa, Euskal Memoria Fundazioa, Eusko Lurra Fundazioa, Garraxika Taldea, Gernika Batzordea, Goldatu Elkartea, Intxorta 1937 Kultur Elkartea, Martxoak 3 Elkartea, Oroituz Andoain 1936, Sanferminak 78 Gogoan, Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkartea, Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikanoa, Arabako Errepublikar Ateneoa, Tolosako Cecilia G. de Guilarte Foru Errepublikanoa, Gogoan Sestao Elkartea, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan, Balmaseda 1937 Elkartea, Galdakao Gogoan Elkartea, Santurtzi Memoria Elkartea, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia (GEBehatokia).
