«Akusatua polizia bada, egitura guztia bere alde jartzen da»
Ertzaintzaren oldarraldi baten ondoren larri zauritutako Amaya Zabarte Realeko zalearen kasua berriz ixtea erabaki du Donostiako instrukzio-epaileak. Iker Sarriegi akusazioaren abokatuak ARGIAri azaldu dionez erabakia apelatuko dute: “Deigarria da kasuaren arabera zein desberdin jokatzen duten”.
Amaia Zabarte, Ertzaintzak PSGren aurkako Txapeldunen Ligako partidaren aurretik egindako karga batean zauritutako Realeko zalea, epaitegietara helduera, abokatua Iker Sarriegi da, irudia bikotea eta abokatuaFOKU / ARGIA Bi urte igaro dira 2024ko martxoan Donostian Realaren eta Paris Saint Germanen arteko futbol partida baten aurretik izandako istiluetan oso larri zauritu zutela Amaya Zabarte zalea, Ertzaintzaren oldarraldi batean. Bi urteren ondoren, Donostiako Laugarren Instrukzio Epaitegiko Ana Isabel Pérez Asenjo epaileak bigarren aldiz itxi du kasua, bere esanetan “ezinezkoa” delako zehaztea ertzainek Zabarte foam jaurtigai batekin zauritu ote zuten.
ARGIAk akusazioaren abokatu Iker Sarriegirekin hitz egin du, eta kexu azaldu da, epaileak auto labur batean itxi dituelako kasuaren inguruan zeuden bi eztabaidagaiak, alegia, jaurtigaiak buruan jo ote zion eta, gero, lurrean zela, ertzainak ostikoa jo ote zion: “Orrialde eta erdian artxibatu ditu biak, gauza pila bat aipatu ere egin gabe”.
“Norbaitek zerbait lapurtzen duenean, ez da lapurreta ikusten, baina zantzuen arabera hori ondorioztatu daiteke. Hemen gutxienez hamar zantzu baditugu. Epailearen ardura da horien arabera ondorioak ateratzea”
Foam jaurtigaiaren kasuan, adibidez, epaileak aipatu gabe utzi du froga gisa aurkeztutako bideoa, zeinean ertzainek oldarraldia hasten duten une zehatza ikusten den. Lekukoek eta Zabartek berak deklaratu zutenez, detonazio bat entzun zuten lurrera joan aurretik, baina hori ere ez du aipatu epaileak.
Aldiz, Pérez Asenjok “sinesgarritasun osoa” eman dio ertzainen bertsioari, abokatuaren esanetan. Protokoloak ezartzen du agenteek ezin dutela korrika egiten ari diren bitartean jaurtigairik bota: “Protokoloak hori dioenez, ez dute egin?”, dio Sarriegik.
Zabarte lurrean zela ertzainak emandako ostikoaren inguruan, berriz, epaileak dio bideo-irudiak ez direla “garbiak”. “Bideoan ikusten da ertzainak lehenik hanka atzera botatzen duela eta gero jo egiten diola. Ez dakit zer behar duen, satelite bidezko irudi bat unea erakusten duena? Beste kasu batzuetan, adibidez norbaitek zerbait lapurtzen duenean, ez da lapurreta ikusten, baina zantzuen arabera hori ondorioztatu daiteke. Hemen gutxienez hamar zantzu baditugu. Epailearen ardura da horien arabera ondorioak ateratzea”.
Albiste hau CC lizentziei esker ekarri dugu ARGIA-tik. Albistea osorik irakurtzeko sartu hemen.
