Almodovarren hogeita laugarrena
Filmea: Amarga Navidad
Zuzendaria: Pedro Almodovar
Urtea: 2026
Herrialdea: Espainia
Almodovarrek berriro egin du. Bai, publiko zabalaren eta kritikaren iritziak zatitzeaz ari naiz. Bere filmografiako hogeita laugarrena den lana –Amarga Navidad– da eztabaida horren erruduna, tragikomedia mingotsa, akaso, orain arteko introspektibo, zintzo eta konplexuena. Metazinema ariketa bat bere osotasunean, sormen askatasunaren mugak eta inspirazioaren etika ardatz dituena.
Zinemagileak sarri erabili duen alter ego-aren figura berreskuratu du, autofikzioa, mina, memoria eta sorkuntza artistikoa bera aztertzeko. Pertsonaia maskulino eta femeninoen bidez, Mantxako zuzendariak bere bizitzaren alderdi hainbat irauli ditu pantailan, bere existentzia bera ikuskizun bihurtuz. Ekar ditzagun gogora, esaterako, Dolor y Gloria (2019) edota La mala educación (2004) filmen protagonistak.
Oraingoan, ordea, handira jokatu du. Baten faltan, bi identitate baliatu baititu bere ahotsa ordezkatzeko. Filma garai desberdinetako bi kontakizun paraleloren bidez garatzen da, eta bietan da protagonista bere etorkizuneko filmaren gidoia amaitzeko zeregin hutsalean murgilduta dagoen errealizadore bat. Gainjarritako bi narratiba, beraz.
Elsa (Barbara Lennie) publizitate sormenean espezializaturiko «kultuzko zuzendaria» da, baina behinola ezagutu zuen zinemagile lanera itzultzeko irrika gordetzen duena. Baina, kasu: Elsa ez da erreala (edo bai?). Elsa beste pertsonaia batek, Raulek (Leonardo Sbaraglia), idatzitako istorioaren protagonista da. Izan ere, azken hau zinemagile estatusa berreskuratu nahian ari den zuzendari bati buruzko gidoia idazten ari baita, non, protagonistak, buruko min izugarriak dituen, asteburutan stripper lanak egiten dituen bikotekidea duen, eta, gidoi on baten mesedetan, lagunen istorioak banpirizatzeko joera duen.
Eta sormen askatasunaz ari garela, egitura originala dela ezin uka, matrioska baten gisara aurkeztu baititu protagonistak: Almodovar bera, benetako zuzendaria; Raul, istorioko zuzendaria; eta Elsa, Sbaragliaren pertsonaiak sortzen duen zuzendaria. Eta hori gutxi balitz, horietako bakoitzean –baita filma gorpuzten duten beste identitateetan ere– eraiki du bere buruari so egiteko ispilu bat, sortzen duenaren (Raul, Elsa) kalte tentsioa eta behatua den horren (Monica, Natalia, Patricia) gordina kontrajarriz.
Ispilu horiek guztiek, ordea, isla berbera azaltzen dute: bere ingurukoak «objektu» bihurtzearen ondorioz, bakardadeak irentsitako zinemagilearena.


