Artisau papergintza izango da ‘Atzokoak gaur’ egitasmoaren ardatza
Artisau papergintzarako tresnak.San Telmo museoa San Telmo museoak antolatzen duen Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak egitasmoak artisau papergintza izango du ardatz aurtengo edizioan. Martxoaren 27tik apirilaren 12ra bitartean, gai horren inguruko erakusketa eta jarduera ugari izango dira museoan, Aste Santuko oporraldiari begira prestatutako programazio berezi baten barruan.
Egitasmoaren helburua lanbide tradizionalak ezagutaraztea eta balioan jartzea da, gizartearen etengabeko eraldaketan galdu edo aldatu diren jakintzak berreskuratuz. 2018an abiatu zenetik, besteak beste, lihoa, artzaintza, gaztagintza, saskigintza, txokolategintza eta musika tresnak izan dira protagonista.
Erakusketa eta pieza bereziak
Aurtengo edizioan, klaustroan kokatutako erakusketa txiki batek papergintzaren prozesua eta tresnak gertutik ezagutzeko aukera emango du. Bertan, hainbat erakunderen bildumetako piezak bildu dituzte, besteak beste, Gordailuarenak eta Aranzadi Zientzia Elkartearenak, eta batez ere Marino Ayala adituaren funtsa.
Bisitariek papera egiteko erabilitako elementu ugari ikus ahal izango dituzte: landare zuntzak, paper oreak, egurrezko turbina historikoak, moldeak, filigranak, prentsak eta paperaren kalitatea neurtzeko tresnak, besteak beste.
Erakusketarekin batera, Aste Santuan zehar hainbat jarduera eta erakustaldi antolatu ditu museoak, adituen eskutik eta publiko mota guztiei zuzenduta.
