Hasi dira Dantz festibaleko lehenengo artistak iragartzen
Donostian egingo da 2026ko Dantz Festival jaialdiaren hamargarren edizioa, abuztuaren 28an eta 29an, Miramongo Anfiteatroan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiak azken urteetako hazkundea sendotu nahi du, eta musika elektronikoaren eta abangoardiaren erreferente izaten jarraitu. Aurtengo edizioak, gainera, hamar urteko ibilbidea ospatzeko balio izango du.
Lehen kartelaren aurrerapenean nazioarteko izen ezagunak ageri dira, tartean Röyksopp bikote norvegiarra buru dela. Haiekin batera ariko dira, besteak beste, Nastia eta Mark Broom elkarrekin, Tiga, Adiel edo Satoshi Tomiie. Antolatzaileek azaldu dutenez, estilo eta belaunaldi desberdinetako artistak uztartzea da helburua, publiko zabalarengana iristeko.
Estatuko eta tokiko artistentzako lekua ere izango da jaialdian. Espainiako hainbat DJ eta ekoizlerekin batera, Euskal Herriko eszenako izenek ere parte hartuko dute, “tokiko talentuari ikusgarritasuna” emanez: Syntetriks (Live), Acelga (Live), P3z, Divorce From New York (Live), Ope Loeb eta Inés. Horrez gain, Kangding Ray artistak ere emanaldi berezia eskainiko du, aurten Goya saria irabazi ondoren, Sirat filmari esker.
Jaialdia bi eszenatokitan banatuko da, ingurune natural batean, eta antolatzaileek formatu jasangarriago baten aldeko apustua berretsi dute. Sarreren lehen sorta agortuta dago jada, eta gainerakoak faseka jarriko dira salgai. Musikaz gain, aste osoan zehar jarduera osagarriak ere izango dira hirian, kultura eta profesionalentzako topagune gisa.
