Asun Balzola omentzen duen 'Koloreekin pentsatzen zuen neskatoa' liburua aurkeztu dute
Donostiako Liburutegien Sarearen laguntzarekin, Donostia Kulturak gaur goizean aurkeztu du Asun Balzola Elorza: koloreekin pentsatzen zuen neskatoa albuma. Ekimenaren helburua da Asun Balzola Elorza ilustratzaile eta idazle esanguratsuari omenaldia egitea, eta aldi berean bere lana belaunaldi berriei gerturatzea.
Albuma Denonartean argitaletxeak plazaratu du, eta Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak eta Oihana Egaña Callejo ilustratzaileak sortu dute. Argitalpena Donostia Kulturako haur liburutegietan egongo da eskuragarri, eta ikastetxeetara ere iritsiko da Liburuka programaren bidez. Horrez gain, liburu dendetan ere erosi ahal izango da.
Asun Balzola Elorza, erreferente bat
Asun Balzola Elorza (Bilbo, 1942 – Madril, 2006) ilustratzaile eta idazle ospetsua izan zen, eta hainbat sari garrantzitsu jaso zituen, besteak beste Espainiako Ilustrazioaren Sari Nazionala (1985) eta Euskadi Saria (1991). Halaber, Andersen Sarietarako hautagai izan zen 1981ean eta 1983an.
Bere lanetan, bizipen pertsonalen eta sorkuntzaren arteko lotura estua islatu zuen, Historia de un erizo edo Txoriburu bezalako obretan ikus daitekeen moduan.
2007an, haren artxibo eta liburutegi pertsonala Donostiako Haur Liburutegi Nagusiari eta Haur Liburuaren Dokumentazio Guneari eman zitzaion gordailuan. Gaur egun, bertan kontsulta daitezke monografiak, gutunak, lanbide-dokumentuak eta irudiak; horietako batzuk Donostiateka plataforman ere ikusgai daude.
Donostia Kulturaren babesa sorkuntzari
Liburu honek jarraipena ematen dio Donostia Kulturak sortzaileak babesteko duen ildoari. Azken urteotan erakundeak sustatutako beste lan batzuk ere nabarmendu dira, guztiak Donostiarekin lotura estua duten proiektuak izanik.
