Bihar jaitsiko ditu pertsianak Hontza liburu dendak
Hontza liburu denda.Irutxuloko Hitza Donostiako kultur panoramako erreferente izan den Hontza liburu dendak behin betiko itxiko ditu ateak bihar, hilaren 31n, lau hamarkadatik gorako ibilbideari amaiera emanez. Albisteak hunkituta utzi ditu irakurle, sortzaile eta kultur eragile ugari, urte luzez literaturarako (besteak beste) topagune izan den espazioari agur esateko unea iritsi baita.
Dendako arduradunek zabaldutako mezuan, etapa baten amaierak dakarren tristura eta egindako bidearekiko harrotasuna sentitzen dutela adierazi dute. Azken egun hauetan jasotako maitasun keinuak ere azpimarratu dituzte: idazle, argitaletxeetako kide, sortzaile eta, bereziki, bezeroen aldetik jasotako babesa eskertu nahi izan dute.
Agur ekitaldi gisa, bihar, azken egunean, ekimen “berezi baina xume” bat antolatu dute: arratsalde osoan zehar mikro irekia egongo da, nahi duen orok parte hartu dezan, testuak irakurriz, bertsoak eskainiz, kantatuz edo oroitzapenak partekatuz. Parte hartu nahi izanez gero, abisatzeko eskatu dute helbide honetara idatziz, ala dendara bertaratuz. Gainera, bisitarien mezuekin osatutako murala jarriko dute erakusleihoan, egunaren amaieran komunitatearen arrastoa gordetzeko.
