Trans ikusgarritasun egunean mobilizazioak antolatu dituzte: «Gure existentzia erresistentzia politikoa da»
Trans Ikusgarritasunaren Eguneko elkarretaratzea, Bulebarrean.Andrea Bosch Martxoaren 31n, Trans Ikusgarritasunaren Egunez, haien “amorrua” adierazteko elkarretaratzeak antolatu ditu Donostiako E28 Koordinadorak –Gipuzkoako Trans Asanblada, Donostiako Asanblada Transmarikabolloa eta Ehgam Gipuzkoa– eta Atximurkak, Ibaetako talde transmaribibollo autonomoak. Helburua: “Gure gorputz eta bizitzek urte luzez pairatutako lege hauste sistematikoak eta tratu diskriminatzaileak salatzea”.
Kolektibo transfeministen ustez, “ez da kasualitatea ultraeskuinaren olatu faxistarekin batera TERF ideologiak indarra hartzea eta transekiko diskriminazioa eta indarkeria areagotzea”. “Guk argi dugu ez ditugula diskurtso faxista eta erreakzionarioak onartuko eta TERFen aurrean antolatzeko eta borrokara batzeko deia egiten dugu”, azaldu dute.
Horretaz gain, Osakidetzaren eta Genero Unitatearen neurri “eskasak” eta “jasandako erasoak” ere salatuko dituzte. “Genero Unitatea geldiarazita egon da eta trans pertsonak psikiatriatik pasatzera behartu izan ditu, hau da, patologizatu egin ditu eta beren agentzia eta duintasuna ukatu die, askorentzat hil ala biziko kontua izan arren”.
11:00etan elkarretaratzea egingo dute Ibaetako campusean, eta, ondoren, egun osoko egitaraua antolatu dute GTAk eta Atximurkak elkarlanean: 15:00etan, proiekzioa eta mahai ingurua eta, 17:30ean, bideojokoetan trans pertsonek duten errepresentazioari buruzko tailerra. Amaitzeko, kontzentrazio orokorrera bertaratzeko gonbida zabaldu dute, 20:00etan, Bulebarrean.
Ekintza horiez gain, apirilaren 1ean, asteazkenean, mahai ingurua antolatu dute 13:00etan HEFA fakultatean, Transfeminismotik, generoaren aboliziorantza izenpean.
