Emakumeen Etxea Bretxako Arrandegia bere kokaleku berria izatearen alde agertu da
Arrandegi eraikina, Bretxan.Beñat Parra Donostiako Emakumeen Etxeak balorazio positiboa egin du EH Bilduk Bretxako Arrandegiaren eraikina zentroaren egoitza gisa erabiltzearen alde egindako proposamenaren inguruan; taldearen ustez, proposamen horrek “norabide egokia” markatzen du eta “erabat ados” daude planteamenduarekin.
Erakundearen arabera, kokapen honi buruzko erabakia ez da teknikoa soilik, politikoa ere bada. Zentzu horretan, udalari eskatu diote berdintasuna erdigunean jartzeko borondatea praktikara eraman dezan. Udala, ordea, leku aldaketaren aurka agertu da.
Udalari erantzuna
Azken udal plenoan, Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak EH Bilduren proposamenaren aurka emandako argudioak banan-banan erantzun ditu erakundeak, komunikatu baten bitartez:
Sarbideari dagokionez, udalak merkatu barrutik bakarrik sar daitekeela esan arren, erakundeak argitu du kanpotik ere badagoela sarbidea eta irisgarritasuna bermatuta dagoela. Ordutegiaren harira, zentroaren erabilera merkatuaren mende egongo litzatekeela ukatu dute, eraikin bereko kirol instalazioek jada autonomia, sarbide eta ordutegi propioak dituztelako.
Egiturari dagokionez, eraikinaren erdiko irekidura “teknikoki erraz” konpon daitekeela adierazi dute, eta ez duela oztopo estrukturalik eragiten. Eta, azkenik, erabileraz mintzo dira: ez dute onartzen merkatuarekin lotutako jarduerak soilik egin daitezkeenik, eremuan dagoeneko bestelako ekipamenduak badaudelako.
Auzo eredua, jokoan
Bestalde, Parte Zaharra ostalaritzaz “gainezka” dagoela eta bizilagunek egoera hori salatu dutela gogorarazi du erakundeak; uste dute gune horretarako ostalaritza proiektu bat proposatzea eredu horretan sakontzea dela.
Azkenik, erakundeak berretsi du Bretxako eraikinak betetzen dituela beste proposamen batzuek ez dituzten baldintzak: zentralitatea, irisgarritasuna eta erreferentzialtasuna. Hiriaren bihotzean egoteak proiektuari behar duen “ikusgarritasuna” eta izaera sinbolikoa ematen diola gaineratu dute, erabilera komunitarioa, soziala eta eraldatzailea eskaintzen duelako.
