Koloneko minbiziaren baheketan parte hartzea handitu nahi du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak
Kolon eta ondesteko minbizia da EAEn intzidentzia handiena duen tumoreetako bat, eta horren aurrean prebentzioa eta detekzio goiztiarra funtsezkoak direla gogorarazi du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak. Koloneko Minbiziaren Prebentziorako Munduko Egunaren harira, herritarrei mezu argia helarazi die: baheketan parte hartzeak bizitzak salbatzen ditu.
Gaur egun, 50 eta 74 urte bitarteko gipuzkoarrei zuzendutako baheketa programak %70-75 inguruko parte-hartzea du, baina oraindik ere biztanleriaren %25-30ek ez du egiten gonbidapena jasotzen duenean. Elkarteak azpimarratu du ezinbestekoa dela gutuna etxera iristen den bakoitzean proba egitea, lesioak garaiz detektatzeko eta, hala badagokio, garaiz tratatzeko.
Baheketarako erabiltzen den gorozkietan ezkutatutako odolaren testa tresna eraginkorra da koloneko minbizia goiz antzemateko. Proba ez-inbaditzailea, azkarra eta minik gabekoa da, eta etxean bertan egin daiteke, modu erosoan. Helburua da begi hutsez ikusten ez den odola detektatzea, izan ere, horrek polipo edo lesioen presentzia adieraz dezake, etorkizunean tumore gaizto bihur daitezkeenak.
Herritarrak informatzeko eta ohiturak sustatzeko ekimenak
Parte hartzea handitzeko asmoz, azken asteetan elkarteak hainbat topaketa mediko gastronomiko antolatu ditu Gipuzkoako zenbait herritan, Osakidetzarekin elkarlanean. Elgoibar, Irun eta Oñatin egindako saioetan osasun profesionalek baheketaren funtzionamendua eta garrantzia azaldu dituzte, eta, aldi berean, elikadura eta bizimodu osasungarrien inguruko gomendioak eskaini dituzte.
Ekimenek harrera ona izan dute herritarren artean, eta parte hartzaileek aukera izan dute zalantzak argitzeko eta baheketaren inguruan gehiago ikasteko. Elkartearen ustez, halako espazioek lagundu egiten dute proba normalizatzen eta herritarrak parte hartzera animatzen.
Bestalde, gogorarazi dute bizimodu osasungarria izatea —elikadura orekatua, ariketa fisikoa eta tabako zein alkoholaren kontsumoa saihestea— funtsezkoa dela koloneko minbizia prebenitzeko. Hala ere, prebentzio neurri horiez gain, baheketan parte hartzea dela tresnarik eraginkorrena azpimarratu dute.
