Maiatzaren 30ean egingo dute aurtengo AB Krossa
Lagun talde bat AB Krossean.Andrea Bosch Amara Berrik euskararen aldeko hitzordu garrantzitsua izango du, beste urte batez, udaberri honetan. Amara Berriko euskararen aldeko krossak, AB Krossak, bere hamaikagarren edizioa beteko du datorren maiatzaren 30ean, auzoan euskararen erabilera sustatzeko eta kirola bultzatzeko asmoz.
Antolakuntzak bi aukera prestatu ditu korrikalarientzat, bakoitzaren egoera fisikoari egokitutakoak. Alde batetik, hiru kilometroko ibilbide laburra egongo da, eta, bestetik, sei kilometroko proba nagusia.
Izen-emateak eta prezioak
Lasterketan parte hartu nahi dutenek herrikrossa.eus atariaren bidez eman dezakete izena. Prezioei dagokienez, hiru kilometroko probak hamar euroko kostua izango du eta sei kilometrokoak, berriz, hamahiru eurokoa. Aurretik izena ematen ez dutenek, lasterketa egunean bertan apuntatzeko aukera izango dute, hamabost euroren truke.
Ekimenak hainbat erakunde eta elkarteren babesa jaso du, aurten ere. Horien artean daude Donostiako Udala, Berritsu, Haur Txokoa eta IRUTXULOKO HITZA, besteak beste.
