Xirimiri eskola libreak instalazioak handitzeko laguntza eskatu du
Xirimiri eskolako haurrak, jarduerak egiten.Xirimiri Xirimiri eskola libreak aurrerapauso garrantzitsua eman nahi du bere azpiegituran; azken urteetan bizi izandako hazkundearen ondorioz, espazioa txiki geratu zaiela azaldu du komunitateak, eta eraikinaren goiko ganbara biziberritzeko deialdia egin dute.
Haurrek eta helduek elkarrekin ikasteko espazio gisa definitzen dute Xirimiri, arduradunek. Orain, horren harira, erronka berri bat dute esku artean: taldeko haur zaharrenek beren beharretara egokitutako “txoko propioa” behar dutela adierazi du eskolak, haien garapen etapa berriei erantzuteko.
250 metro karratuko erronka
Gaur egun hutsik dagoen hirugarren solairua egokitzea da asmo nagusia. Guztira, 250 metro karratuko azalera birmoldatu nahi dute, eta horretarako lan handiak egin behar dituzte: teilatua konpontzea, leihoak, bero eta ur sistemak instalatzea, eta komun berri bat eraikitzea.
Horrek guztiak inbertsio ekonomikoa eskatzen du, eta birmoldaketa hori auzolanean eta familien konfiantzan egin nahiko lukete; hala, laguntza eskatzeko deialdi bat egin dute, ekarpen bakoitzak haurren egunerokoa “duinagoa eta aberatsagoa” egingo duela azpimarratuz.
