Hontzaren azken hegaldia
Agur esan zuen atzo Hontza liburu dendak, 40 urte baino gehiagoko ibilbidearen ostean. Bezeroez, lagunez eta denda arnasgune izan duten horiez lagunduta eman zuen Hontzak azken hegalakada, topaketa goxo batean.
Atzo itxi zituen ateak Hontza liburu dendak.Nagore Garmendia Denbora gelditu zen, une batez. 40 urte baino gehiago izan dira, gorabeheratsuak, baina hamarkada hauetan hiria bizirik mantendu duenak badaki nola esan agur. Ezagutzen ditu kaleak, jendeak, ohiturak. Eta argi geratu zitzaien atzo Ramon Tatiegi eta Esther Moiuari, beren hutsunea, Hontzarenak, ez duela edozeinek beteko. Hontzaren azken hegaldia izan zen atzokoa, eta lagun eta bezeroez inguratuta, Hontza topagune izan duten horietaz guztietaz, 40 urte horiek ospatu zituzten dendan, agur festa hunkigarri batean.
Urte hauetan guztietan Hontzak batu du hiria, batu du jendea eta izan da arnasgune, askorentzat; etxea. Eta norbait bizirik mantendu duen etxe hori hutsik ikustea, bihotza beteta eduki arren, antinaturala da. Hutsak apalak, hutsak, dagoeneko, kalendarioko egunak. Gaur goizean jaiki eta hutsik egongo delako, 40 urtez, herri hau hain beterik sentiarazi duena. Desagertu da bertako liburuen bizkarrezurrek osatutako ortzimuga, amaigabea, eta bat-batean, dena da hutsa. Bueno, dena ez. Argi dago ezetz.
Ardoa edalontzietan, mokadu batzuk eskuetan, eta giroan, tristura baino gehiago, aitortza nagusi. Maitasuna, bere aldaera guztietan, presente. Mikro irekiaren aurretik igaro zirenek sentimendu bera konpartitzen zuten: Hontza ez baitzen transakzio komertzialetarako toki bat, denda soil bat. Eta horixe izan da bere magia: erosotasuna ez dela soilik intelektuala izan; afektiboa ere izan dela.
Kulturaren gotorleku
Hontzak Donostiatik kanpo izan duen itzalak ere hartu zuen tokia, atzo. Euskal Herriko erreferente izan da, muga fisikoak gaindituz. Hitzartze indartsuenetako batek gogora ekarri zuen nola liburu dendako paketeak espetxeetaraino iristen ziren. Preso zeudenentzako, Hontzako liburu bat jasotzea “Euskal Herriko haize freskoa jasotzea” bezala zen, horma lodiak zeharkatzen zituen askatasun izpi bat. Babesleku bat.
Eta horregatik sentitu zuten askok atzo babesgabetasuna. Umezurtz utzi dute hiria, babesik gabe. Mikrofonoaren aurrean jarri zirenek herri honen memoria kolektiboaren zati bat gorde duen azken lubakia defendatu nahian zebiltzala zirudien. Eta esandako guztiaren aurrean, bataila guztiak dira alferrikakoak. Gerra irabazita dago.
Heriotza eta bizitza
Ipar Amerikan, herri indigenen artean, hontza bat agertzeak heriotzaren hurbiltasuna iragartzen omen zuen. Hontza da heriotza eta da biziberritzea, munduaren beste puntan. Liburu denda izan delako bizitza, itsasargi askorentzat, baina hontza batek badaki iluntasunean ikusten, presente dago. Eta egongo da, hemen ere, luze. Begiak irekita mantendu ditu hamarkadetan zehar, baita egunez ere, eta horrek eraman du arrakastara; astindu ditu hegalak eta entzun da, erein ditu haziak eta loratu dira, eta itxi ditu begiak, eta egingo du lo orain, merezitako atseden batean.
Azken hegaldi dei diezaiokegu, poetikoki, metaforikoki. Esan genezakeen atea itxi duela eta giltza kutxa batean gorde duela, beste norbaitek berriro irekitzeko asmorik izan arte. Kantatu zitzaien atzo azken hegalkada horiei, puntuz puntu, umoretik. Minak zentzua galtzen duelako dolua ospatzen denean. Eta hau, bertaratutakoek bizi izan duten hiletarik goxoena izan da.
Mesanotxean jarraituko du Hontzaren itzalak, bertan erosi eta irakurri gabeko liburuen antzera, garrantzitsuena hor ez delako sekula izan liburua bera.
