Kalean estreinatuko dute 'OTS' dantza emanaldia
Haatikeko dantzariak eta Manu Gaigne musikaria, 'Ots' obra moldatuz.Iker Gozategi Herri Gogoa diskoetxearen lanetan oinarritutako OTS dantza ikuskizunak urrats berri bat emango du. Haatik konpainiak, orain arte antzokietan eskaini duen emanaldia, kalean egiteko moldatu du: “Kalearen erabilera aldarrikatzeko asmoz, soinuak hartzen du protagonismoa. Espazio publikoa ospakizun eta topaketarako gune bihurtuz”. Aurre estreinaldia igande honetan izango da, 13:00etan, Bulebarrean.
Zentsura frankista zela eta, Donostian sortu zen zigilua inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratzea lortu zuen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin.
Jone San Martin, nazioarteko ospea duen dantzari eta sortzaile donostiarrak sortutako koreografiak, euskal dantza izan du inspirazio iturri. Hauek aztertzerakoan, antolatzeko eta espazioan “idazteko” modu berriak sortu, eta euskal dantzen mekanismoak, interprete bakoitzaren eta taldearen sentimendu intimo eta personalagoak adierazteko tresna gisa erabili ditu.
Diskoetxe batek inspiratutako lana izanik, musikaren erabilpenak garrantzi berezia hartu du. Herri Gogoaren katalogoa erabiliz, mundu horren “argazki” bat sortu eta konposizio, soinuzko dokumental eta testigantza musikalen erreportaje bat eraiki dugu, inprobisazio eta experimentazioari esker bizirik bidaiatzen duena emanaldiz emanaldi.
Zuzendaritza eta ekoizpena Aiert Beobide eta Iurre Aranburuk egin dute eta soinu diseinua Manu Gaignek. Honako dantzariek hartzen dute parte ikuskizunean: Aiert Beobide, Amaiur Luluaga, Iñigo Etxeberria, Itzel Vela, Jon Arsuaga, Leire Romero, Libe Sukia eta Nagore Zabal
