Emakume zinemagileak eta ondarea Euskal Zinema zikloaren ardatz
Tabakaleran aurkeztu dute gaur goizean zikloa.Euskadiko Filmategia Azken bosturtekoan euskal emakume zinemagileen lanei argia eman ondotik, Euskadiko Filmategiak zabaldu egingo du aurten fokua, eta euskal zinematografiaren historia nolabait markatu duten izenburuak errepasatuko ditu Euskal Zinema zikloaren barruan. Guztira, hamasei film proiektatuko dituzte, apirilean, maiatzean eta ekainean egingo dituzten hamarsaiotan. Donostian, Tabakaleran aurrera eramango dituzte, ostiraletan, 19:00etan hasita.
Zikloa gaur goizean aurkeztu dute Tabakaleran, eta ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Euskadiko Filmategiaren zuzendari Joxean Fernandez, Arte Ederren Bilboko Museoaren zuzendari Miguel Zugaza, EITBko Programazioko zuzendari Joselu Blanco eta Helena Taberna zinemagilea. Honakoa da egitaraua:
- Hilak 17. Yoyes (Helena Taberna, 2000), euskal zinemagintzako erreferentzia diren emakume zuzendarietako baten lehenbiziko lana, eta ondoren, filmaren 25. urteurrenaren harira, Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola, 2022), Yoyes ETAko militantearen memoria berreskuratzeko lana, Ana Torrenten ahotsean kontatua.
- Hilak 24. Urak aske (Bego Zubia Gallastegi, 2021), Artikutzako presa suntsitzeak ekarritako leheneratzearen berri ematen duen filma.
- Maiatzak 1. Borja Cobeaga eta komedia emanaldia saioa aurrera eramango dute. Zuzendari donostiarraren Un novio de mierda film laburra eta Pagafantas filma proiektatuko dituzte.
- Maiatzak 8. Bere garaiko euskal film anbiziotsuenetako bat berreskuratuko du Filmategiak: Fuego eterno (1985). Jose Angel Rebolledok zuzendua eta Imanol Uribek ekoitzia da, eta Javier Aguirresaroberen argazkia du. Musika Alberto Iglesiasena da, Gerardo Vera izan zen zuzendari artistikoa, eta antzezleak, berriz, Angela Molina eta Imanol Arias.
- Maiatzak 15. Gure Sor Lekuaren bila (2015) lana ere proiektatuko da. Haren bidez, ziurrenik euskaraz erabat eginiko lehenbiziko dokumentalaren historia osatu du Josu Martinezek. Dokumental hura Hazparnen estreinatu zuten 1956an.
- Maiatzak 22. Gerra Zibila Euskadin saioan, Euskadiko garai hartako gobernuaren Propaganda Atalak ekoitzitako lau filmek ikusgai izango dira: Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937), Guernika (Nemesio Sobrevila, 1937) eta Elai-Alai (Nemesio Sobrevila, 1938).
- Maiatzak 29. (H)emen Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako Euskal Herriko emakume profesionalen elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko, euskal zinemagintzako lan aitzindari bat proiektatuko da: Irrintzi (Mirentxu Loyarte, 1978), baita elkartearen sortzaileetako batek film horri buruz eginiko berrikuspena ere: Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016).
- Ekainak 5. Agur Etxebeste! filma (Asier Altuna / Telmo Esnal, 2019), Donostian Elena Iruretak aurkeztuko du.
- Ekainak, 12. Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok memoria ariketa bat egin dute Itzalak argitzen (2026) lanean. 1980ko hamarkadaren erdialdean produzitutako lau film ertain zaharberritzeko prozesua dokumentatu dute, hain zuzen ere, Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986); eta lan horren emaitza gisa sortua dute filma eta lehenbizikoz emango dute zinema aretoetan.
- Ekainak 19. La Capitana Alegría (Pour Don Carlos) (Musidora/Jaime de Lasuen, 1921) Euskadin eta euskal produkzioarekin filmatutako lehenbiziko fikziozko lana
Sarrerak erosteko, Artium Museoaren, Tabakaleraren eta Arte Ederren Bilboko Museoaren leihatiletara edo webguneetara jo daiteke.


