Euskaldunentzako ahalduntze ikastaroa antolatu du Bagerak
Bagera elkarteak antolatutako mintzodromo bat.Nagore Garmendia Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak euskaldunentzako ahalduntze ikastaroak antolatu du, hizkuntza estres uneei heltzea helburu. Zehazki, hizkuntza estres uneak identifikatzea, horiek eragiten dituzten faktoreak aztertzea eta egoera deseroso horietan lasaiago aritzeko norberak eman nahi dituen urratsak zehaztea dira ikastaroaren helburu nagusiak. Ikastaroaren saioak apirilaren 16an eta 23an eta maiatzaren 7an eta 14an egingo dituzte, 18:00etatik 20:00etara, Bagera elkartean bertan. Hemen eman daiteke izena (35 euro).
Zer da, ordea, hizkuntza estresa? Honela azaldu du Bagerak: “Zenbait testuingurutan euskaraz eroso hitz egitea ez da beti erraza izaten. Inguruko guztiak euskaraz ondo ari direnean naturaltasunez egiten dugu, baina zer gertatzen da besteak gaztelaniaz ari direnean edo, euskaraz ulertu arren, gaztelaniara jotzen dutenean? Askotan, gure printzipioek euskaraz egitera bultzatzen gaituzte, baina, aldi berean, parekoak ez ulertzeko edo gaizki hartzeko beldurrak deserosotasuna sortzen du. Horri hizkuntza estresa deitzen zaio”.
Horrela, ikastaroan zehar, parte hartzaileen eguneroko hizkuntza ohiturak aztertuko dituzte, “gertatzen denari azalpen teorikoa emanez”, Bagerak azaldu duenez: “Hainbat gai landuko dira modu praktikoan, bakoitzaren erritmoa errespetatuz: hizkuntza estresa eta ohiturak identifikatzea, oinarri teorikoa eta asertibitatea, komunikazio teknika praktikoak bi hizkuntzetako elkarrizketak mantentzeko, gaztelaniara igaro gabe euskaraz komunikatzeko gakoak, eta helburu nahiz urrats pertsonalak zehaztea”.
Ikastaroa euskaraz ondo moldatzen direnentzat zein euskara ikasten ari direnentzat dago pentsatuta, hizkuntza estresa egoera ohikoa baita bi taldeetan. “Taldearen aniztasunak, gainera, saioak are emankorragoak eta aberasgarriagoak izaten lagunduko du”, nabarmendu du elkarteak.


