Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara joan dira Euskal Herriko hainbat militante
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 50. urteurren ospakizunetan parte hartzen ari da Euskal Herriko taldea. Hainbat kide donostiar daude tartean.
Euskal Herriko zenbait herri mugimendutako kideak, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. Saharako Brigada Euskal Herriko hainbat herri mugimendutako kide batzuek, tartean Donostiako zenbait militantek, Saharako Brigada osatu dute eta Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara joan dira, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 50. urteurren ospakizunetan egoteko. “Astebeteko brigada honen helburua Saharako askapen prozesuaren egungo egoera bertatik bertara ezagutzea da, prozesu honi babes eta elkartasun osoa adieraztearekin batera, bertan jasotako irakaspenen bitartez Euskal Herriko askapen prozesua elikatzeko asmoz”, azaldu dute kideek.
Nabarmendu dutenez, “harrera beroa” egin diete Mojtar Labuehi SEADek EAEn duen ordezkariak, Smara wilaya-ko (Mendebaldeko Sahara) Tifariti daira-ko alkateak eta “hamarnaka” emakumek: “Ohiturei jarraikiz, datilak eta esnea eskaini dizkigute harrera ekitaldiarekin hasi aurretik. Saharako banderak astindu eta ‘aberria ala hil’ oihu artean eman diote hasiera ekitaldiari eta ospakizunetara bertaratuko diren delegazio internazionalistei esker ona adierazi ostean, gatibu dauden preso politikoen aldeko elkarretaratze batekin amaitu dute”.
“Une erabakigarria”
Ekintzaileek gogorarazi dute “une erabakigarri batean” dagoela Mendebaldeko Sahara: “2020an Marokok Guergeraten egindako erasoaren ondorioz, 30 urte luze iraun zuen bake akordioa (1991ean Fronte Polisarioak eta Marokok sinatua) hautsi izanak gerra egoera aldarrikatzea ekarri du. Bestetik, 2025ean, Trumpen ekinbidez, eta besteak beste, Espainiako eta Frantziako gobernuen babesarekin, NBEren Segurtasun Kontseiluan Marokoren menpeko autonomia estatutua gatazkaren konponbiderako proposamen gisa aurkeztu zutelako. Proposamena onartu ez bazen ere, balizko autonomia horrek Minursoren oinarrietan jasotzen zen erreferendumerako eskubidea ezeztatuko luke”.
Hori dela eta, nabarmendu dutenez, “ospakizun bereziak izango dira duela 50 urte, 1976ko otsailaren 27 hartako SEADen aldarrikapena gogoratzeko egingo direnak. Martirien eta gatibu dauden preso politikoen aitortzarekin batera, desfile zibil eta militarrak egingo dituzte, askotariko ekitaldi kulturalekin batera”. “Aipamen berezia egin nahi diegu, Marokoren okupaziopean, urteurren hau askatasunez ospatzerik izango ez duten Mendebaldeko Saharako herritarrei, zeinak errefuxiatuen kanpamentuetan dauden herritarrekin batera, erresistentzia prozesu eredugarri honetan amore eman gabe eusten dioten Fronte Polisarioaren printzipio politikoei, hau da, Saharauien autodeterminazio eta independentziarako eskubideari”, gaineratu dute.
Aberri Eguna (hilak 5) bertan pasatu zuten ekintzaile euskal herritarrek, eta, hain zuzen ere, egunak “zentzu berezia” hartu du aurten beraientzat, azaldu dutenez: “Ofentsiba inperialistak eta joera erreakzionarioen gorakadak ezaugarritzen duen testuinguru betean, herri zapalduen arteko elkartasun internazionalista antolatzeak garrantzia berezia hartzen baitu. Horregatik, 2026ko Aberri Egun honetan, Euskal Herritik milaka kilometrotara dauden Saharako errefuxiatuen kanpamentuetatik, borrokan jarraitzeko deia luzatu nahi dugu, munduko herri zapalduen askapen prozesuak muturreraino eraman arte”.



