Añorga Txikiko lanak abisatu gabe eta bizilagunen eskaerak entzun gabe hasi dituztela salatu du auzo elkarteak
Añorga Txikiko lanak.Añorga Txikiko Auzo Elkartea Añorga Txikin 248 etxebizitza berri eraikitzeko proiektuaren testuinguruan, Añorga hiribidean lanak egiten hasi dira egunotan, zenbait aparkaleku eta eremu itxiz eta inguruan eragozpenak sortuz. Horren aurrean, Añorgatxikitarrak auzo elkarteko kideek salatu dute lanak “bizilagunekin kontsultatu gabe eta auzo elkarteari abisatu gabe” hasi dituztela.
Gogorarazi dutenez, lanak hasi aurretik, hiru eskaera zehatz egin zizkion auzo elkarteak Donostiako Udalari: “Auzoan aparkaleku arazoa dugunez, kenduko ziren tokiak ordezkatzeko konponbideak bilatzea; ikastola dagoela kontuan hartuta, obretako kamioiak ez ibiltzea sarrera-irteerako ordutegietan eta bizilagunengan eragina izango zuen edozein neurri edo lan hasi aurretik, aldez aurretik jakinaraztea”.
Aldiz, udalak eskaera horiek kontuan hartu ez dituela deitoratu dute, baita esku hartzea abisatu gabe hasi izana ere. Hedabide honi azaldu diotenez, salaketa publiko egin aurretik, lanen inguruko informazioa eskatu dute udalean: “Oraindik ez dugu erantzunik jaso, baina badirudi espaloiak handitzen ari direla, bizilagunekin kontsultatu gabe eta auzo elkarteari abisatu gabe. Gainera, dirudienez, dozenaka aparkaleku desagertuko dira”.
Era berean, astelehenean, Pazko astea pasatuta, Amassorrain ikastolaren jarduna abiatuko da, eta lanak eskaerak kontuan hartu gabe martxan daudela ikusita, “kezkatuta” agertu dira, sortu daitezkeen eragozpenengatik.





