Global Sumud Flotillari elkartasuna adieraziko diote Kontxako badian
Donostia Palestinak Kontxan egindako Palestinaren aldeko ekintza bat.Joseba Parron San Sebastian Igandean, hilaren 12an, Gazarako bidea hartuko du berriz ere Global Sumud Flotillak, “jende eta ontzi gehiagorekin”, Palestinari elkartasuna adierazi, eta hara laguntza humanitarioa eramateko helburuarekin. Bartzelonatik abiatuko da, eta Donostian elkartasuna adieraziko diote ontzidiari, igandean bertan, Kontxako badian.
Hain zuzen ere, Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria plataformak herritarrak deitu ditu badiako uretan sartzera 12:00etan, “itsasontzi, belaontzi, traineru, txalupa, piragua, arraun surf edo surf taulekin”, Donostiatik Global Sumud Flotillari babesa adierazteko.
Oraingoan, gainera, Euskal Herriak ordezkaritza propioa izango du ontzidian, hamahiru kiderekin. Horrez gain, Euskal Herritik Bartzelonara joateko autobusak antolatu ditu Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria plataformak, Global Sumud Flotilla bertatik bertara babesteko; hemen eman daiteke izena.



