Ijito herriari aitortza egin dio udalak
Ijito elkarte eta erakundeetako ordezkariei harrera egin die Donostiako Udalak. Donostiako Udala Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta ospakizunekin bat eginez, udalak ijito komunitatearekin duen konpromisoa berretsi du eta Agifugi, Kamelamos Adiquerar eta Beti Chachipen ijito elkarteetako eta Ijitoen Idazkaritza Fundazioko ordezkariak hartu ditu, osoko bilkuren aretoan.
Harrera ekitaldian, ijito herriaren aberastasun kultural, historiko eta soziala nabarmendu dute. Parte hartu duten elkarteek agiri bat irakurri dute herrialdearen historian eta kulturan ijito herriaren aitortza aldarrikatuz, erronkek eta erresilientziak markatutako sei mendetako presentziaren ondoren. Jon Insausti alkateak, berriz, “inklusioaren, aniztasunaren eta errespetuaren garrantzia” zerrendatu ditu, Donostiako bizikidetza “erreal eta iraunkorraren zutabe gisa”. Diskurtso estremistak eta baztertzaileak hazten ari diren testuinguru batean, “pertsona guztiak, salbuespenik gabe, errespetatuak, entzunak eta baloratuak sentitzeko leku bat eraikitzen” jarraitzeko konpromisoa berritu du. “Azken batean, etxean sentitzea. Donostiar sentitzea”.
Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzia Iñigo Garcia Villanuevak, aldiz, data “komunitate honen aberastasun kulturala eta gure gizartean duen funtsezko zeregina aitortzeko” aukera dela baieztatu du, eta hortaz, berretsi egin du udalak “berdintasunarekin, aniztasunarekin eta haren ondarea ikusaraztearekin duen konpromisoa”.
Ekitaldian, bideo bat proiektatu dute, Gelem gelem ijito herriaren ereserkia entzun, eta Donostiak eta ijito-herriak banderak trukatu dituzte, batasunaren eta elkarrekiko errespetuaren sinbolo gisa. Ondoren, bertaratuak Nautikoko begiratokira joan dira, ibaiaren zeremonian parte hartzera. Lore petaloak bota, eta kandelak piztu dituzte, ijitoen arbasoen oroimenez.
Ospakizun horrekin elkartasuna adierazteko, egun osoan Dbusen hiri autobus guztietan ijitoen bandera jarrita egongo da.


