Insaustik Eurekaren itxiera «birpentsatzeko» eskatu dio Kutxa Fundazioari
Miramongo Eureka zientzia museoa.Eureka Jon Insausti alkateak gutun baten bidez eskatu dio Kutxa Fundazioari Eureka museoaren itxiera “birpentsatzeko”. Europa Press eta EFE berri agentziek zabaldu dutenez, Kutxa Fundazioaren Patronatuari eta horren presidente Rafael Amasorraini zuzendutako gutunean, Insaustik argudiatu du proiektua “beharrezkoa” dela eta bere itxierak “Euskadin dibulgazio zientifikoaren erreferentzia baten galera” ekarriko duela.
Halaber, itxierak donostiarrengan eragindako “kezka” adierazi die eta gogoratu du Donostia “nazioartean erreferentziazko hiri gisa finkatu dela zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren aldeko apustuagatik”, eta hori erakundeen, eragileen eta herritarren ahalegin partekatuari esker izan dela, tartean, Kutxa Fundazioaren esku hartze “eragin eta nabaria”. Izan ere, Eureka bera erabakigarria izan da mila laguni zientzia gerturatzeko, bereziki, belaunaldi berriei “kalitate handiko” bisita eta dibulgazio jardueren bidez. Hortaz, galerak “zuzeneko eragina du”, Insaustiren esanetan, “bokazio zientifikoen sustapenean eta ezagutzaren kulturan, garai hauetan hain garrantzitsuak direnak”.
Museoa ixteak hura ordeztu dezakeen “alternatiba aktiborik izan gabe”, “ezegonkortasun handia” sortzen duela aitortu du alkateak, bai herritarrengan bai erakunde eta elkarte nagusien artean ere. Donostiak “ezin dio uko egin, inolako alternatibarik gabe, zientziaren hiri gisa duen kokapena sendotzen hain modu erabakigarrian lagundu duen gune bati”. Hori horrela, Kutxa Fundazioari eta Amasorraini eskatu die “erabaki hori berriz hausnartzeko” eta Eureka Zientzia Museoa zabalik mantentzeko “beharrezkoak diren neurri guztiak” har ditzala, “bere jarraitutasuna bermatuz, gutxienez, hiriak antzeko anbizio eta hedadura duen proiektu bat izan arte, Tabakaleran aurreikusitakoa bezalakoa”.


