Jandross Rodriguezen sortze prozesua, ostegunean, LABOn
Jandross Rodriguez izango da zikloko lehen gonbidatua. LABO Hastear da LABO GO sortze prozesuen erakusleihoa zikloa. Zehazki, bihar, hilak 9, egingo dute ekaina bitarte luzatuko diren sei saioetako lehena. Jandross Rodriguez dantzari, sortzaile eta arte historialari galiziarra izango du protagonista. A Noite do Cuco aurkeztuko du, dantza-solo bat non gorputza fisikalitate mugakide bat den, after batean, iluntasun intimoaren eta egunsenti zaratatsuaren artean. Lanak klubaren kultura, dolua, identitatea eta gorputzaren mugei buruzko katarsia ikertzen ditu.
Ordubete iraungo duen saioa 19:00etan hasiko dute Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluban. Ateak, ordea, ordu laurden lehenago irekiko dituzte. Sortze prozesuaren erakustaldi fisiko eta akademikoa amaitzean, hogei bat minutuko tartea eskainiko diote antolatzaileen, artistaren eta ikusleen arteko solasaldi irekiari. Sarrera doakoa bada ere, aurrez online erreserba egin behar da.
Hurrengo saioak: hilak 23, Sonus Fossio, Oihana Vesga (dantza garaikidea, Euskal Herria); maiatzak 14, Kea, DAB dantza konpainia (dantza garaikidea, Euskal Herria); maiatzak 28, Hoogerman + Devenir, Mario G. Saez (dantza garaikidea, Katalunia); ekainak 11, Ô.UII, Compagnie Projet Rare eta Collectif Rabbit Research (dantza eta zirku garaikidea, nazioartekoa); eta ekainak 25, bi artista ezezagunen arteko topaketa inprobisatua.


