Tokischak Koruko Andre Maria basilikan grabatutako irudiak «kentzeko» eskatu du Donostiako Gotzaindegiak
Tokischa rap kantaria, Parte Zaharreko Koruko Andre Maria basilikan.Tokischa Tokischa rap kantari dominikarrak No margine film laburraren lehenengo zatia argitaratu du duela gutxi, eta zati handi bat Donostian grabatuta dago, besteak beste, Parte Zaharreko Koruko Andre Maria basilikan. Grabaketa horien harira, Abogados Cristianos Espainiako talde ultrakatoliko eta ultraeskuindarrak abeslariaren aurkako salaketa jarri du, dominikarrari “profanazio” delitu bat egotzita. Salaketak oihartzun handia eduki du hedabide ugaritan, eta Donostiako Gotzaindegiak, hedabideetara bidalitako ohar baten bidez, jakinarazi du ez duela baimenik eman Tokischaren bideoa eliza horretan grabatzeko.
Hain zuzen ere, irudiek sare sozialetan izandako “hedapenaren” ondorioz izan du gotzaindegiak bideoa bertan grabatu izanaren berri, diotenez. Horrela, irudiak “kentzeko” eskatu du erakunde erlijiosoak: “Gotzaindegi hau berehala jarri da harremanetan ekoiztetxearekin, aipaturiko basilikan grabatutako irudiak kentzeko, eta grabatzearen ezezkoa gogorarazteko”. “Benetan sentitzen dugu leku sakratu bati zor zaion errespetuarekin bateraezinak diren, eta fededunen sentsibilitate erlijiosoa zauritzen duten edukiak egiteko leku sakratu bat behar ez bezala erabiltzea”, gaineratu du.
Baimenaren eskaera eta ezezkoa
Erakunde katolikoak azaldu duenez, “2025eko uztailaren 18an, Visore ekoiztetxeak baimena eskatu zion Gotzaindegiari Donostiako Elizbarrutiko elizaren baten barruan eszena labur bat filmatzeko, eta ziurtatu zuen ‘kontenplaziozko eta errespetuzko unea’ izango zela, ‘elkarrizketarik eta tokiko dinamika etengo duen jarduerarik gabe'”. Gotzaindegiak dioenez, ordea, informazio gehiago eskatu zion ekoiztetxeari, eta Tokischaren zein Visoreren beraren lana “ikertu” ondoren, “Gotzaindegiak ekoiztetxeari jakinarazi zion ez ziola baimenik ematen gure elizbarrutiko eliza, eta ermitetan proiektua grabatzeko”.
Aldiz, Fernando Prado Ayuso gotzaina buru duen erakundearen arabera, “produkzio etxea Koruko Andre Maria basilikako arduradunekin harremanetan jarri zen aipatu proiektua gauzatzeko, baina benetako edukia eta gotzaindegitik jada jasotako ezezkoa isilduz”.
“Zuzenbide kanonikoaren arabera, leku sakratu batean, gurtzaren, errukiaren eta erlijioaren jardute, eta sustapena bultzatzen duena bakarrik onar daiteke, eta debekatu egiten da tokiko santutasunarekin bat ez datorrena. Gertaera zehatz, eta berezietan, gotzainak beste erabilera batzuk baimendu ditzake, baldin eta lekuaren santutasunaren aurkakoak ez badira (kontzertuak, erakusketak…)”, azaldu du gotzaindegiak. Era berean, erakundeak nabarmendu du “aztertzen” ari dela “ea ekintza horiek, juridiko edo kanonikoki neurriren bat hartzea eskatzen duten”.


