Astebururako plan bila Donostian?
'Mugarri' ikuskizuna.Donostia Kultura Donostian asteburua aprobetxatzeko plan bila bazabiltza, gure agendan kultur eta aisialdi jarduera aukeraketa zabala aurkituko duzu, baina horrez gain, egun bakoitzeko proposamen bana egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 10), etxean edo inguruan haurrak dituzuenentzako gomendio bat: arrantzari buruzko haurrentzako (6-10 urte) ikastaroa antolatu dute Euskal Itsas Museoan, 11:00etan: Arrantzarako prest!. Sarrerak museoaren webgunean daude eskuragarri.
Larunbatean (hilak 11), Antzoki Zaharrera joatea da gure proposamena, izan ere, Jokai Produkzioak ekoiztetxeak Mugarri euskal ikuskizuna taularatuko du, musika eta antzerkia uztartuz. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eta antzokiko leihatilan daude salgai, 16-22 euroan.
Azkenik, igandean (hilak 12), asteburua ixteko, Dabadabara joatea gomendatuko dizugu, kontzertu berezi bat ikustera: AK’Chamel bikote estatubatuarrak folk psikodeliko eta xamanikoaren ikuskizuna eskainiko du. Sarrerak aretoaren webgunean daude salgai, 12-14 euroan.
Bonus track. Astean zehar plan bat egin nahi izanez gero, astelehenerako proposamen bat hemen: Edu Zabalak euskaraz gidatutako euskarazko literatur solasaldia, Kristina Berasain kazetariaren Sahara, herri bat erresistentzian liburuari buruz. Saioa Ikasbide Kultur Elkartean izango da, 19:00etan, doako sarrerarekin.


