Hainbat donostiarrek parte hartu dute 'Eguneroko legez' film laburrean
Film laburreko irudi bat.Eguneroko legez Julen Duhau tolosarrak idatzi eta zuzendutako Eguneroko legez film laburra hilaren 20an estreinatuko dute Bilboko Bizkaia Aretoan, EHU Kulturaren Udaberri Kulturala zikloaren barruan. Lanak, ordea, lotura du Donostiarekin. Batetik, zati bat Tabakalerako 2deo laborategian landu dute, eta, halaber, Larrotxene Bideoren eta Donostia Kulturaren babesa jaso du; bestetik, lan taldean ere donostiarrak badira, Aizpea Goenaga eta Iñigo Aranburu aktoreak eta Aitor Perez teknikoa, tartean.
Fikziozko film laburrak lau emakumeren eguneroko bizitza du ardatz. Goizero, lanera bidean autobus berean elkartzen dira, eta hamar minutuko ibilbide horretan, elkarrizketek, isiluneek eta keinu txikiek dimentsio berezia hartzen dute. Narrazioak ahizpatasunaren eta babes kolektiboaren ideia nabarmentzen du, agerian utziz, errutinaren barnean sortzen diren harreman sotil baina esanguratsuak. Hala, “eguneroko elkarrizketa naturaletan”, oinarrituta, besteak beste, lan baldintza prekarioak, zaintza, zahartzea, bakardadea eta genero desoreka jorratzen ditu.
Proiektua EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek garatu dute eta EHU Kulturaren beka bati esker gauzatu ahal izan dute. Grabaketan hiru egunean, urtarrilaren 30etik otsailaren 1era, burutu zuten.
Estreinaldiaren ondoren, film laburra Donostian aurkezteko aukera lantzen ari dira sortzaileak.


