Herrimin: Euskal Herriko kantutegi herrikoia, reggae erritmora
Lehenengo diskoa argitaratu berri dute, formatu fisikoan zein digitalean. Iker Beñaran 'Beñaranks' donostiarra eta Asier del Alamo 'Piña' algortarra dira sortzaileak.
Asier del Alamo 'Piña' (atzean) eta Iker Beñaran 'Beñaranks' dira Herrimin proiektuko kideak.Herrimin Herrimin proiektua sortu dute Iker Beñaran Beñaranks abeslari donostiarrak eta Asier del Alamo Piña ekoizle algortarrak (Bizkaia), euskal kantutegi herrikoia reggae musikatik berrinterpretatzea ardatz. “Estiloen fusio soila baino gehiago, memoria kolektiboaren parte diren abestien berrirakurketa garaikidea plazaratzen du Herriminek. Reggaea ibilgailu gisa agertzen da, beste sentsibilitate erritmiko, estetiko eta emozional batetik errepertorio herrikoia zirkulazioan jartzeko”, azaldu dute kideek.
Euren lehenengo diskoa argitaratu dute berriki, taldearen izen berekoa, Pantx Records zigiluarekin. “Bertan, euskal imajinarioaren abesti enblematikoen hamar bertsio biltzen dira, hala nola Zazpi Jauzi-ren moduko euskal dantzaren klasikoak eta Haika Mutil (Mikel Laboa) eta Bagare-ren gisako (Gontzal Mendibil eta Xeberri) ereserki kantagarriak, Ez Gaude Konforme-ren moduko (Lourdes Iriondo) klasiko ez hain ezagunak barne. Gainera, jamaikar musikaren zaleentzako erreferentziak eta keinuak ere badaude”, nabarmendu du taldeak. Horrez gain, abesti bakoitzak Euskal Herriari lotutako artista desberdin batek sortutako animazio bat du.
Diskoa plataforma digitaletan zein formatu fisikoan entzun daiteke, hamabi hazbeteko biniloa kaleratu baitute, material grafiko propioekin eta proiektuari lotutako merchandising-arekin batera: liburuxka bat letrekin, itzulpenekin eta azalekin (zuzenekoetan ere banatzen da), baita logotipoarekin brodaturiko txapelekin ere”. Biniloa zuzeneko emanaldietara joanez edo taldearekin harremanetan jarrita eskuratu daiteke, @herrimin.soinua Instagram kontura edo herrimin.soinua@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Zuzeneko emanaldietan, ekoizleak dub-a zuzenean lantzen du, abeslariak errepertorioa aurrera eramaten duen bitartean. Horrez gain, aukera dutenean, haize sekzio batekin batera ateratzen dira oholtzara. Jarraian, diskoa osorik entzun dezakezue, baita abesti bakoitzaren animazioak ikusi ere:


