Hirian zehar bizikletan aritzen diren emakumeei begira jarriko dira
Bizikleta erabiltzaile bat, Loiolako Erriberan.Cristina Enea Fundazioa Kalapie elkarteak dio Donostian gero eta emakume gehiagok erabiltzen duela bizikleta mugikortasunerako, “baina erabilera oraindik ez da zeharo parekidea”. Errealitate hori hobeto ezagutzeko eta ulertzeko solasaldi bat antolatu dute: Emakumeak hirian zehar pedalei eragiten ikerkuntzatik eta ekintza kolektibotik begiratuta. Hilaren 14an izango da, 19:00etan, San Telmo museoan.
Cristina Enea Fundazioaren Iraunkortasun eta klima txostenean argitaratutako datuen arabera, bizikletaren erabilerak urteak daramatza %40 emakume eta %60 gizon banaketa batean egonkortuta. “Gure inguruko kultura ziklista txikiagoa duten beste hiri batzuekin alderatuta datu horiek positiboak badira ere, agerikoa da genero arrakala oraindik existitzen dela”, adierazi du Kalapiek.
Mahai-ingurua Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailarekin batera antolatu dute, eta bi ikertzaile gonbidatu dituzte: Laura Latorre eta Guillermo Vera. Mujeres en bici por las calles de las capitales vascas. Diagnóstico participativo con perspectiva feminista ikerketaren emaitzak aurkeztuko dituzte. Azterlan horretan emakumeek hiriko bizikletaren erabileran duten presentzia eta esperientziak aztertzen dituzte. Gainera, ikerketan parte hartu duen Ana Almandoz arkitektoak eta bizikleta erabiltzaileak bere esperientzia eta ikuspegia partekatuko ditu.
Saioa publikoari irekitako solasaldi batekin amaituko da, esperientziak, hausnarketak eta galderak partekatzeko aukera eskainiz.


