Osasungintza publikoaren aldeko «ekintza zehatzak» eskatu ditu DOPAk: «Osakidetza gurea da!»
Hilaren 18an, osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute Donostian, Bilbon eta Gasteizen.
DOPAk deituta, hainbat herritar elkarretaratu dira Groseko anbulatorioaren aurrean.Beñat Parra DOPA Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak deituta, Groseko anbulatorioaren aurrean elkarretaratu dira ostegun goizean hainbat herritar, osasungintza publikoa defendatzeko. Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere egin dituzte halako mobilizazioak gaur, OPA osasungintza publikoaren aldeko koordinakundeak antolatuta. Apirilaren 18an, manifestaziora deitu dute Donostian, Bilbon eta Gasteizen, osasungintza publikoaren alde; Donostiakoa 17:00etan abiatuko da, Bulebarretik.
Kontxi Rebollo kideak salatu duenez, osasun itunaren ondoren, Eusko Jaurlaritza “propaganda” egiten ari da, “etengabe esanez gauzak oso ondo daudela Osakidetzan”: “Errealitatea oso bestelakoa da, oso kontrakoa, hemen ez da ezer aldatu eta gauzak gero eta okerrago egiten ari dira”, salatu du. Azaldu duenez, hurrengo asteetan, ospitaleetan mobilizatzeko deia egingo dute, eta bilera bat eskatuko dute Etengabeko Arreta Guneetako (EAG) arduradunarekin, egoeraz hitz egiteko.

DOPAko kide Kontxi Rebollok hartu du hitza, Groseko anbulatorioaren aurrean egin duten elkarretaratzean.Beñat Parra
“Herritarrak, poliki-poliki, galtzen ari gara gure eskubideak, onartzen ari gara gertatzen ari dena: ez dago medikurik, ez dago psikiatrarik, ez dago pediatrarik…”, ohartarazi du DOPAko kideak. Hori dela eta, “promesekin nazkatuta” agertu dira DOPAkoak, eta “ekintza zehatzak” eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari: “Engainatzen ari gaituzte eta oso haserretuta gaude”.
Era berean, osasungintza publikoaren gainbehera “egiturazko arazoa” dela azaldu du Rebollok: “Donostian, larrialdi zerbitzuetan lau mediku genituen lehen, eta bakarrarekin gelditu gara. Eta murrizketak egiten ari dira, sistematikoki, urtean bost hilabetez: udan, Gabonetan eta Aste Santuaren bueltan. Esaten dute langileek oporrak hartzeko eskubideak dituztela, eta noski hala dela, baina arazoa egiturazkoa da, badakite opor garaiak direla eta ez dute ezer egiten egoerari irtenbidea emateko”. “Osakidetza gurea da, ez da beraiena, eta Osakidetzaren alde borrokatu behar gara”, gaineratu du.


