Zahartzaroa eta literatura uztartzen dituzten hiru saio, Liburutegi Nagusian
Mariasun Landa. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Zahartzaroa gai duten hiru literatur jarduera aurrera eramango dituzte datozen asteetan Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan. Hiru saioak astearteetan gauzatuko dituzte, 19:00etan hasita; lehenengo biak euskaraz, eta azkena, gazteleraz.
Datorren asteartean, hilak 14, Iñigo Aranbarrik gidatuta, nazioartean arrakasta handia lortu duen Delphine Vigan idazlearen Esker onak izango dute mintzagai. Zahartzaroan adiskidetasunaren, zaintzaren eta memoriaren inguruko hausnarketa sentikorra proposatzen du liburuak. Halaber, hizkuntzaren galerak, pertsonen arteko harremanak eta esker onari buruzko gaiak ere jorratzen ditu testuak.
Astebete geroago, hilak 21, Mariasun Landa idazleak bere Egunaren adinak testua oinarri hartuta, zahartzaroari buruzko hitzaldia emango du. Liburua Denonartean argitaletxeko album ilustratua da, Maite Gurrutxagaren ilustrazioekin. Egunaren unearen arabera, adinaren pertzepzioa nola aldatzen den du abiapuntu, eta saioan, Landak gaiari buruz landu duen diskurtsoa entzungo da.
Azkenik, hilaren 28an, Ylenia Benitok gidatuta, bertaratzen direnek Julia Perorekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute. Olor a hormiga lanean, aipatzen ez den errealitate bati heltzen dio: bakarrik eta bere egoerarekin haserre dagoen adineko jendearena. Istorio gogorra da, sentsibilitatez eta errealismoz landua.


