Auzoa bere historiaz apaintzen ari dira Egian
Gordegia Egiako artxibategi grafikoak hainbat urte daramatza auzoari buruzko irudiak biltzen eta behar bezala dokumentatzen, auzotarrek euren kaleetako historia eskuragarri izan dezaten. Eskuragarri ez ezik, auzoan ikusgai ere jartzen ari dira historia hori.
Gordegiak Egia kalean jarritako irudiak: Faustino Eizmendi sagardotegia 1957an, Joxepa denda 1940ko hamarkadan eta Aitona Celedonio garai berean.Beñat Parra Egiako milaka argazki bildu, dokumentatu, gorde eta webgunean eskuragarri jarri ditu 2019tik hona Gordegia auzoko artxibategi grafikoak, eta horretan jarraitzen dute kideek, nekaezin. Azken hilabeteotan, ordea, argazki batzuk kalera ateratzen ari dira, modu iraunkorrean auzoa apaindu dezaten; auzoaren historiaren zati txiki horiek auzoko paisaiaren parte bihur daitezen.
2024ko maiatzean egin zuten lehenengo «esperimentua», orduan azaldu zutenez: «Plaza Berri ondoan [Iruresoro plaza] hutsik dagoen lokalean hainbat argazki jarri ditugu modu xume batean, esperimentu gisa, kalean horrelako erakusketa batek zenbat iraun dezakeen ez dakigu eta. Aurreko erakusketan erabilitako zenbait argazki berrerabili ditugu horretarako. Aspalditik auzoa irudi historikoekin apaintzeko asmoa dugu, itxita dauden erakusleihoak baliatuz, besteak beste. Espero dugu auzokideen gustukoa izatea egitasmoa eta zaintzen laguntzea, gehiago eta hobeto jartzeko asmoa dugu!».
Esan eta egin. Auzotarren gustukoa izan zen ideia, eta, dagoeneko, bost lekutan ikus daitezke Egiako argazki zaharrak: Karmengo Andre Mariaren kaleko hiru puntutan, Tejeria kalean eta Egia kalean. Eta ez dira azkenak izango: «Jarraituko dugu!», ohartarazi zion Karlos Trenor Gordegiako kideak erreportaje hau sinatzen duen kazetariari, kalean harrapatu zuenean orrialde hauetan ikus ditzakezuen argazkiak egiten.
Bost lekutan ikus daitezke Egiako argazki zaharrak, eta ez dira azkenak izango: «Jarraituko dugu!», ohartarazi du Karlos Trenor Gordegiako kideak
Haurrak, lanak, sagardotegiak eta beste
2024ko probaren ostean, Karmengo Andre Mariaren kaleko Kontxi arropa dendaren kanpoaldean jarri zituzten lehenengo argazkiak, 2025eko martxoan. 1950ean kale hori bera nolakoa zen ikus daiteke argazki nagusian, baita bertan Tetuan taberna eta garbitokia zuten Tetuan familiako hainbat kide eta auzoko zenbait etxe historiko ere. Jose Luis Tetuanek emandako argazkia da hori.
Horren parean, gutxi gorabehera, jarri zuten hurrengoa, iazko abuztuan. Iruresoro plaza baino pixka bat beherago, hain zuzen ere, dotore jantzitako lau haur ikus daitezke argazki handi batean. Gordegiak irudian bertan idatzitako informazioaren arabera, 1968 ingurukoa da irudia, eta atzealdean Lasarte etxea eta Eguren marmol enpresa ikus daitezke.
2025ean hasitakoa aurten jarraitzen ari dira Gordegiako kideak, eta, hain zuzen ere, urtarrilean bertan jarri zuten hurrengo irudia, Egia kalean. Hain zuzen ere, Joxepa janari denda zenaren 1940ko hamarkadako irudi eder bat jarri zuten orduan, non lau emakume ikus daitezkeen dendako mostradorean. Horma horretan espazioa sobran zuten, ordea, eta berriki bete dute, Aitona Celedonioren eta Faustino Eizmendi sagardotegiaren irudi banarekin. Gordegiako kideek azaldu dutenez, «Aitona Celedonio Matti Navas irudi emailearen birraitona zen eta mandatuak egitea zuen lanbide, 1940ko hamarkadan»; hain justu, kupelez betetako gurdi bat eramaten ageri da irudian. Eizmendi sagardotegiari dagokionez, iruditik metro eskas batzuetara dagoen Eizmendi burdindegiaren lokalean egon zen urte luzez, eta 1957koa da bertan ikus daitekeen irudia, Felix Lopez Galarretak egindakoa eta Garbiñe Eizmendik Gordegiari emandakoa.
Egia kalekoa osatu aurretik, otsailean, 24. Korrika ate joka zegoenean, 2007ko Korrikako irudi batekin apaindu zuten Tejeria kaleko horma bat. 15. Korrika zen hura, eta bertan haur gisa agertzen diren auzotar asko dabiltza gaur egun, ia hogei urteren ondoren, auzoan gora eta behera, mila saltsatan sartuta.
Azkenik, Karmengo Andre Mariaren kalearen goialdean dago orain arte ikusgai jarri duten azken argazkia. 1950eko hamarkadako irudi bat da, Felix Lopez Galarretak egindakoa, eta Ametzagaña kalea eraikitze lanetan ikusten da bertan, baita Karmengo Andre Mariaren kaleko 42. (Leonenea) eta 32. zenbakietako etxe historikoak ere: «Inguru horrek guztiak Iruresoro zuen izena», zehaztu du Gordegiak.
Auzoak saltokiek, tabernek, auzotarrek, auzoetako herri mugimenduek eta ohiturek egiten dituzte, baina baita historiak ere. Egian argi dute hori, eta historia denen eskura jartzeko lanean dabiltza buru-belarri, auzoa egiten jarraitzeko.






