Donostiako Udalak «olatu txuri-urdinarekin» bat egitera deitu du
Udaletxea txuri-urdinez jantzi dute.Donostia Kirola Apirilaren 18ko Espainiako Kopako finalari begira jarri da Donostiako Udala. Horretarako, udaletxeko aurrealdea txuri-urdinez jantzi dute. Jon Insausti alkateak donostiar guztiak “olatu txuri-urdinarekin” bat egitera deitu ditu. Era berean, hiriko txoko guztiak Realaren koloreekin apaintzeko eskatu du.
Noski, Insaustik ez du galduko Sevillako La Cartuja futbol zelaian jokatuko den Realaren eta Atletico Madrilen arteko finala. Han izango da hiriko ordezkari eta Realeko zale gisara. “Kolore txuri-urdinak harrotasuna, berezko sentimendua eta ilusioa islatzen dute”, nabarmendu du. Gainera, Donostiak Realaren balioekin bat egiten duela esan du.
Hilaren 18an, Alderdi Ederreko zabalgunean, finalaz gozatzera deitu ditu herritarrak. “Orain sentimendu txuri-urdina kanporatzeko unea da, harrotasunez adieraztea eta txoko guztiak kolore horiekin apaintzea”, adierazi du Insaustik.


