Eureka zientzia museoa irekita mantenduko dute
Kutxa fundazioak erakunde publikoekin lankidetzan aritzeko borondatea adierazi du: "Fundazioak elkarrizketarako aldi bat irekitzen du".
Eureka zientzia museoa. Donostiako Eureka zientzia museoa ekainean ixtekoa zen Kutxa fundazioa, baina albistearen harira izandako eztabaida ugarien eta museoak azken asteotan jasotako babes zabalaren ondoren, gunea irekita mantentzea erabaki du fundazioak. Patronatuak ostegun arratsaldean egindako bileran hartu dute erabakia.
Kutxa fundazioak nabarmendu du museoak “babes eta afektu adierazpen ugari” jaso dituela asteotan, “museoak Gipuzkoako herritarrentzat duen balioa berresten dutenak”. “Entzute prozesu horren emaitza gisa, Kutxa fundazioak espazioaren etorkizunari buruz adierazitako posizionamenduak aztertu ditu, eta, hasierako planteamendua birplanteatu ondoren, Eureka irekita mantentzea erabaki du”, gaineratu du.
Gogoratu behar da, besteak beste, Eureka Bizirik plataforma sortu zutela zientzia eta hezkuntza komunitateko hainbat kidek, eta itxieraren aurkako sinadura bilketa abiatu zutela. Era berean, Donostiako alkate Jon Insausti ere museoa irekita mantentzearen alde agertu da aste honetan. Eureka zientzia museoak 25 urte daramatza irekita, eta milaka dira urteotan bertatik pasatu diren herritarrak, bereziki, haur eta gazteak.
Eureka ekainean ixteko erabakia fundazioak 2021ean abiatutako transformazio estrategikoaren parte da zen, 2027an Tabakaleran zientziaren inguruko proiektu berri bat irekitzekoa baita erakundea: Atenea. Aldiz, fundazioak orain esan du bere dibulgazio zientifikoaren eredua “birdefinitu” egingo duela, Atenea garatu bitartean: “Eurekaren bilakaera eta eguneratzea ikuspegi berri horretan txertatu nahi dugu, eta, hala, gizartean duen eragina indartu”. Atenea guneak 6.300 metro koadroko zabalera izango du eta hainbat gunetan banatuta egongo da.
Erakunde publikoak, pozik
Kutxa fundazioak erakunde publikoekin elkarlanean aritzeko “borondatea” adierazi du bere oharrean: “Fundazioak elkarrizketarako aldi bat irekitzen du azken egunetan jarraipenean interesa agertu dutenekin, etorkizunean inplikatu eta lankidetzan aritzeko balizko bideak aztertzeko”. Ildo beretik, hain zuzen ere, museoa irekitzeko erabakia babestu dute erakunde publikoetako hainbat ordezkarik.
Insaustik, esaterako, museoa “beharrezkoa” dela nabarmendu zuen aste honetan argitaratutako gutunean, ixteak “dibulgazio zientifikoaren erreferentzia galtzea” eragingo lukeela iritzita. Ildo beretik jo du aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, fundazioari eta zientzia museoari babesa emateko prestutasuna adieraziz.
Era berean, erabakia “positibotzat” jo du Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, baita “prestasuna berretsi” ere “Kutxa fundazioarekin eta interesa duten beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko, proiektua eguneratzeko eta, behar izanez gero, museoko proiektua berriz definitzeko proposamen bat bilatzen laguntzeko”. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea, Joxerramon Bengoetxea, ere “pozik” agertu da erabakiarekin: “Gipuzkoako gizartean errotutako espazioa izatearekin batera, familientzat eta hezkuntza komunitatearentzat zientziara hurbiltzeko erreferentzia puntu garrantzitsua da Eureka”.


