«Idaztea beti izan da aukera bat neure buruari denbora eskaintzeko»
Nahia Sillero (Amara Berri, 2000) ez da ahots bakarrean kabitzen. Idazten du, antzezten du eta, batzuetan, biak nahasten ditu. Idazlea eta aktorea profesioz, idazteak bere buruarengana hurbiltzera eraman duela azaldu du, eta gaur egun, telebista eta antzerkian aritzeaz gain, idazketa tailer baten eta irakurketa klub baten buru da.
Nahia Sillero, Zurriolako hondartzan.Joseba Parron San Sebastian Antzerkian, telebistan eta literaturan ibiltzen zara. Zer ematen dizu bakoitzak?
Telebistak, dirua. Antzerkiak ematen dit aktore naizela sentitzeko bidea; hori naizela justifikatzekoa, baita neure buruari ere. Eta idazteak ematen dit lasaitasuna eta pasioa, egunerokoan. Eta gustatuko litzaidake hori lanbide bilakatzea, baina oso zaila da; gaur egun, idazketa tailerrarekin eta irakurketa klubarekin bai konpentsatzen dudala pixka bat ekonomikoki, baina oso gutxi, telebista eta antzerkiarekin alderatuta.
Idazketa lanbide bilakatu… nobelagile izan?
Ez dut uste. Ezin dut imajinatu nire bizitza soilik gauza bat egiten; orduan, soilik nobelak idazten ere ez. Baina gidoiak idazten, proiektu baterako aholkuak ematen, komunikazioaren inguruan mahai inguruak idazten… Idazketaren mundua gustatzen zait etorkizun gisa, ez soilik ogibide gisa. Uste dut batzuetan oso idealizatua eta, aldi berean, oso deabrutua dagoela idazlearen lanbidea. Idazle izateko mila modu daude.
‘Lo que hablamos del amor’ liburua argitaratu zenuen, 2023an (autoekoizpena). Oso intimoa da… nola erabakitzen duzu zer gorde eta zer partekatu?
Marra hori egin nuen izenekin eta nire harreman pertsonalekin; edukiarekin, aldiz, ez hainbeste. Publikatuta dauden testu asko ez nituzke argitaratuko izena izango balute. Beraz, marra ez da hainbeste zer bizi dudan, baizik eta norekin. Egia da terapia prozesu guztia liburuan partekatu nuela, nolabait, baina detailerik eman gabe. Intimoak dira detaileak, ez edukia bera; nik nire bizitza kontatu dezaket, baina ezin ditut nire ingurukoak aurkeztu. Hori beraien bizitza da.
Kontatzen duzuna da pertsona baten bizitza, zuk bizi duzun zerbait.
Erretratu bat da, bai. Eta manipulatuta dagoen erretratu bat, gainera, aukeratu nuelako zer publikatu. Eta horren aurrean, ezin duzu pentsatu liburua irakurtzerakoan, ni horrelakoa naizenik, ehuneko ehunean. Batzuetan, iruditzen zaigu autofikzioarekin gehiena dela auto, eta ez; askotan da fikzioa. Baina, aldi berean, bai, oso pertsonala da.
Gaur egun, asko idazten da autofikzioa. Zergatik uste duzu dela hori?
Sare sozialetan eta streaming aro honetan gaudelako; oso konektatuta bizi gara gure identitatearekin, gure irudiarekin. Gu gara gure bizitzaren zentroa; gero eta gutxiago kontsumitzen ditugu kanpoko kalitatezko edukiak (beste istorio, pelikula edota liburu batzuk) eta gero eta kontzienteago gara gure bizitzaz, gure errealitateaz. Eta, hortaz, idatzi dezakegun errazena da guri gertatzen zaiguna.
«Jakin behar da autofikzioa idazten. Badago prozesu bat, ez da soilik norberaren bizitza kontatzea»
Galdu dugu, agian, kanpora begiratzeko perspektiba?
Kanpoan gertatzen denaren inguruan pentsatzeko galdu dugu, bereziki, perspektiba. Ikusten ditugu gauzak, baina ez diogu denborarik eskaintzen horren inguruan hausnartzeari. Uste dut, zinemara joaten garenean, adibidez, ohitu garela hitz egitera pelikulak ondokoari eragin dionaren inguruan, ez pelikularen inguruan. Autofikzioa modan dago, baina jakin behar da autofikzioa idazten. Badago prozesu bat, ez da soilik norberaren bizitza kontatzea. Hori egunerokorako utziko dugu.
Autofikizoa irakurri edo idazteak atzera begira jar zaitzake.
Idaztea da atzera egitea, askotan. Gertatu zitzaizun horri buruz idazteak, batzuetan, behartu egiten zaitu berriro bizitzera. Eta, bat-batean, gaindituta daukazun zerbaitek berriro eragiten dizu.
Agian, hori da idazteko momentua; gaindituta duzunean.
Noski. Zerbait idazteko, perspektiba behar da. Eta, perspektiba izateko, denbora behar da. Perspektiba nahikoa, baina ez gehiegizkoa. Gaur egun, ezingo nuke orduan idatzi nuena idatzi, pertzepzioa ere aldakorra delako.
Eta ikusten duzu zeure burua liburuan, gaur egun?
Oso gutxi. Eta orain dela gutxi hartu dut gehiago ez saltzeko erabakia. Ez dut uste hori naizenik, ez pertsona gisa ezta idazle gisa ere.
Garatu zara, zentzu guztietan.
Noski, eta, bereziki, idazle gisa. Ez dit lotsarik ematen norbaitek iraganeko nire bertsio bat irakurtzeak, baina bai idazteko moduak, ez naizelako hor gelditu. Ez dakit hobera edo txarrera, baina salto bat dago. Idatzitakoa hor gelditu da eta hor gelditu behar du. Pertsona eta istorio horiek ere merezi dute hor gelditzea, eta nik ere bai.
Idazten duzun guztian, pisu handia dauka isiltasunak, baita hutsuneek ere.
Juan Mayorga idazleak dio oso edota askoz ere garrantzitsuagoa dela isiltasuna, hitza bera baino. Askotan jartzen naute idazten esan ez diren ideiek, eta, agian, hortik jasotzen da nire testuetatik isiltasunaren kontzeptu hori. Ez dut inoiz egin kontzienteki, baina egia da esaten ez direnek edo esatera ausartzen ez garenek mugitzen dutela, askotan, idazketa prozesua. Ez dakit oso ondo zergatik, ikertu beharko dut…
Isiltasuna lengoaia bat dela diote.
Esaten dena eta esaten ez dena, biak dira. Eta horren harira, Carmen Martin Gaitek esaten zuen —niri izugarri gustatzen zait autore hau—, idazten dugula ez dakigulako ondo komunikatzen. Ez daukagulako berak solaskide deitzen duena, eta hiztunaren eta entzulearen falta horrengatik idazten dugula. Entzuten eta ondo komunikatzen jakingo bagenu, agian, ez genukeela idatziko. Eta ez dakit ados nagoen, baina hausnarketa polit bat dela iruditzen zait.

Zure idazteko joera zein da?
Irakurtzen ditut ikertzea gustatzen zaizkidan gauzak edo gaiak, eta hortik abiatuta, idazketa automatikoak egiten ditut. Baditut egunerokoan erabiltzen ditudan «denetarako koadernoak», eta hor apuntatzen ditut ikusi ditudan pelikulen hausnarketak, izandako elkarrizketak… Eta hori ere bada idazketa bat. Hala ere, asko galdu dut, eta izugarrizko pena ematen dit, sentitzen dudalako idazketa dela nirea, baina, aldi berean, esfortzu handia eskatzen didan eta dirurik ematen ez didan zerbait delako.
Lana denez geroztik, desberdina da.
Lana direnetik, gauza askok galtzen dute zentzua. Orain, askotan, zaila egiten zait idazten dudan zerbait ez merkantilizatzea, eta lanbidea ere badenez, gehiegi pentsatzen dut. Gauzek zentzua galtzen dute dirua tartean dagoenean; arteak, bereziki.
Zertarako balio du idazteak?
Niretzat, idaztea beti izan da aukera bat nirekin egoteko, neure buruari denbora eskaintzeko. Korrika goaz leku batetik bestera, eta idazketak behartzen gaitu gelditzera. Lehen, hori gertatzen zitzaidan irakurketarekin, baina dagoeneko ez, lanbide bilakatu dudalako. Idazketarekin ez zait gertatzen oraindik, eta uste dut ez zaidala inoiz gertatuko. Neure buruarengandik hurbilago egoteko modu bat dela sentitzen dut.
Inportantea da bakarrik egotea momentu horietan?
Ni bakarrik bizi naiz, baina ez nago bakarrik egunerokoan, algoritmo bat nirekin bizitzen daukadalako. Jaikitzen naiz eta Instagram irekitzen dut, lehenengo gauza. Egunero, mezuak. Orduan, idazteko eta sortzeko tartea ez badugu bakarka edukitzen… Prozesu batzuek behar dute hausnarketa, bakardadea, eta gero partekatuko dituzu, nahi baduzu. Nik tarte horiek behar ditut, eta, agian, horregatik bizi naiz bakarrik.
Izaten zara kaletik koaderno batekin joaten den horietakoa?
Beti.
Orain joera handia dago telefono mugikorrean idaztekoa.
Bai, hori ere egiten dut. «Denetarako koadernoa» dudan moduan, «denetarako nota» ere badaukat. Baina, askotan joaten naiz koadernoarekin hondartzara edo kafetegi batera idaztera, behar delako perspektiba hori espazialki ere.
«Idazteko, perspektiba behar da; nahikoa, ez gehiegizkoa. Eta, perspektiba izateko, denbora behar da»
Asko eragiten du lekuak?
Eta soinuak, eta argiak… ez duzu berdin idazten, pentsatzen, leku batean edo bestean. Batzuetan oso zaila da zeure buruarekin ondo eta zentratuta egotea, kanpo begirada oso garrantzitsua delako. Niri funtzionatzen dit, askotan, helburuak jartzea: «Gehiago joango naiz zinemara», adibidez. Eta tartetxo bat ateratzea zinemara joan eta gero apuntatzeko, «zinemara joan naiz, hau ikusi dut, eta hau sorrarazi dit». Beharrezkoa zait.
Liburuak irakurtzeak eraman zaitu Tiktoken liburuak gomendatzera.
Oso distortsionatuta ikusten dut neure burua hor, ez diot zentzurik aurkitzen hori egiteari, oraindik ere. Zentzua du norbait hurbiltzen zaidanean, esanez: «Gomendatu zenuen liburu hau irakurri dut eta asko gustatu zait». Edo argitaletxeren batek eskerrak ematen dizkidanean gomendioarengatik, edo ikusten dudanean euskal liburuen bideoak askoz ere gehiago gordetzen direla, bestelakoak baino. Zentzua hor dago, kultura zabaltzean.
Sormen idazketa egiten duzu. Nola hasi zinen horretan?
Bai, eta, aldi berean, idazketa automatikotik eta autofikziotik ere idazten dut. Gradu amaierako lana autofikzioan egin nuen, idazketa dramatikoan. Horrek eman zidan irakurketan sartzeko abiapuntua.
Gero, Madrilera joan nintzen bizitzera, eta ikastaro batzuk egin nituen han, idazketan oinarrituta, eta ospitale psikiatrikoetan hasi nintzen lanean, gaztetxoei idazketa klaseak ematen. 12-16 urteko haurrak ziren. Baneukan antzerkian eta idazketan formazioa, baina ez pedagogian. Nahiz eta zeozer landu karreran, ez dut edozein motatako egoerak kudeatzeko baliabiderik… baina gu hara gindoazen haurrek ordubetez ondo pasatzeko; une batez, han bizi zirela ahazteko. Eta ez bazuten idatzi nahi, berdin zuen. Oso gogorra izan zen, denetarik ikusi genuen: elikadura nahasmenduak, depresioak, eskizofrenia kasuak, biolentzia, autolesioak…
Eta, oraindik ere, sormen idazketa irakasten duzu.
Madrileko esperientzia hartatik abiatuta, oso erraza izan da idazketa klaseak ematea. Ez dut sistema bat jarraitzen, niri idazteko funtzionatzen didana aplikatzen dut, beti idatzita dauden testuetatik edo autore garrantzitsuetatik abiatuta. Duela hiru urte hasi nintzen Pasaiako La Bombonera eskolan, eta hor jarraitzen dut.
Zerk egiten du erraz prozesu hori?
Gure bizitzatik idazteak. Erreala den horretatik hasteak, zehatzetik. Gehiago interesatzen zait nola, korrika zoazela, norbaitekin topo egin, erori eta behatza apurtu duzun, istripu bat izan duzula esatea baino. Zure gertaera zehatza, garrantzitsua, da behatza apurtu duzula; beste bat ere erori daiteke, baina, agian, beste zerbait gertatuko zaio. Eta, noski, fikzionatu dezakezu. Idazten ikasteko, bereizi behar duzu zure bizitza eta idazteko prozesua, nahiz eta erreala izan kontatzen ari zarena. Baina idatzi duzun hori zure prozesurako materiala da, besterik ez.
Eta formula, forma, tonu edo erritmoa markatuz —nik horiek ematen dizkiet—, testua izugarri aldatzen da. Idatzita dagoenean, adibidez, aditz guztiak etorkizunera aldatu, eta amets bat balitz moduan irudikatzen dugu. Eta, bat-batean, testua aldatu egiten da.



Eta zerk inspiratzen zaitu zu, idazterako garaian?
Ez dakit non entzun nuen hau, baina sortzaile orok dauka zauri bat bere sorkuntza prozesuan. Zauria ez ulertuta zerbait negatibo edo min gisa, baizik eta gai zehatz bat non beti erortzen den, modu batean edo bestean. Eta beti jartzen dut eredu gisa Alauda Ruiz de Azua: familiaren inguruan idazten du beti; modu oso ezberdinetan, baina muina beti da familia. Ba, niretzako beti da lurra. Lurra, etxe gisa: zer da etxea, non sentitzen garen etxean, zerk eragiten duen gu etxean sentitzea.
Identitatea.
Bai. Eta harremanak, lagunekiko erlazioak. Maitasunaz hitz egiten ari garenean, eta ez soilik maitasun erromantikoaz, zein da partekatu dugun hizkuntza, eta zer gertatzen da horrekin, maitasun hori amaitzen denean?
Aktore gisa ere, gorpuztu izan dituzu zuk idatzi dituzun pertsonaiak. Zer doa lehenengo: hitza ala gorputza?
Niretzat, hitza, beti. Oso testuala naiz, gehiegi, batzuetan. Eta antzezten ditudanak beti dira idatzi, pentsatu edo ikertutakoak. Niretzat, askoz ere errazagoa da nik idazten dudana gorpuztea, nik bizi dudalako. Baina topatu naizenean nik idatzi ez dudan zerbaitekin, zuzendariarengan konfiantza izatea da kontua, zure bizitzarekin paralelismoak bilatu, eta hortik abiatzea.
Beste norbaitek idatzi duena gorpuztu behar duzunean, aldiz, zer da desberdina?
Hor desberdintasuna ez dago hainbeste testuan, zuzendaritzan baizik. Zeure burua zuzentzea da zailena, nire ustez. Ez dakizu, guztiz, egiten ari zaren horrek funtzionatzen duen. Beste norbaitek zuzentzen zaituenean kanpo begirada batetik —nahiz eta testua zurea izan—, konfiantza handiagoa daukazu, nahiz eta batzuetan, ados ez egon hartu diren erabaki batzuekin. Baina beste norbaitentzat lan egitean, aktore soil bat zarenean, geratzen zaizuna da konfiantza izatea: «Hau ez da nire proiektua, hemen ez da egongo nire izena sortzaile moduan». Askoz ere erosoagoa da beste norbaitek kontratatzea.
Eta zergatik zara aktore?
Esango nuke, aktorea naizela arteak mugiarazten nauelako, baina ez daukat oso argi. Aktore izateak eman dit aukera beste gauza asko izateko. Beraz, aktore izaten jarraitu nahi dut, beste gauza asko ere egin nahi ditudalako. Umea nintzenean, uste nuen aktore izateak emango zidala izan nahi nuen hori guztia izateko aukera: medikua, polizia, supermerkatuko langilea… Ba, ez. Ez naiz aktorea medikua izan ahal izateko. Baina beste lanbide askotan aritzeko aukera eman dit. Ate bat da, askotan kontrakoa dirudien arren.


