Ordenagailu kuantikoa baliatuta, alzheimerraren aurkako terapia berriak ikertuko dituzte
Biobizkaiako neuroirudi ikerketa taldeko kideak.Irekia Osasun saila da IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa baliatuko duen lehen ikerketa proiektuaren buru eta alzheimerraren aurkako terapia berrien ikerketari eta gaitza tratatzeko botiken garapenari bultzada “iraultzailea” emateko baliatuko du. Zehazki, konputazio kuantikoa erabiliko dute jomuga terapeutiko berriak identifikatzeko, funtsezkoak direnak alzheimerra tratatzeko etorkizuneko botiken garapenean.
Milaka gene eta prozesu biologikok eragiten dute gaitz hori, beraz, “oso zaila” da elkarregain horiek guztiak ohiko metodo informatikon bidez aztertzea. Hori dela eta, algoritmo kuantikoak baliatuko dituzte, datu biologiko kopuru handiak prozesatzeko eta aztertzeko gai direnak, aurrekaririk gabeko kalkulu gaitasunarekin. Biobizkaia ikerketa institutuko taldea ari da algoritmo zehatzak prestatzen.
Jomuga terapeutikoak identifikatu ondoren, garun organoideetan balioztatuko dituzte, hau da, pazienteen beraien zelulekin laborategietan garatutako ehun eredu txikietan. Horiek aukera ematen dute proposatutako tratamenduak ingurune erreal eta pertsonalizatuan eraginkorrak diren ikusteko. Laborategian lortutako informazioa baliagarria izango da, halaber, algoritmoak berrentrenatu eta hobetzeko, baita teknologiaren eta biologiaren arteko etengabeko hobekuntza zikloa sortzeko ere.
Basque Quantum, IBM Cleveland Clinic, Osakidetza eta Osasun sailaren arteko aliantza estrategikoaren proiektua da. Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman nahi dio osasunaren arloan duen aplikazio zuzenari eta espero du proiektu honek Euskadi “biomedikuntzaren elitean” kokatzea. Alzeimerrarekin hasi diren arren, euskal osasun zerbitzuak beste gaixotasun batzuetan ere esploratuko du algoritmo hauen erabilera, IBMren Cleveland Clinic-eko osasun kuantikoko taldearekin duen aliantza estrategikoari esker.


