PPk 20.000 euroko isunekin zigortu nahi ditu manifestazioetan espazio publikoan egon daitezkeen kalteak
Pintaketa aldarrikatzaile bat, Donostiako kale batean.Nagore Garmendia Donostiako PPk bi proposamen erregistratu ditu Donostiako Udalean, “Gizalegearren Udal Ordenantzaren betetzea indartzeko eta hiriko espazio publikoaren kontserbazio egokia bermatzeko helburuarekin”. “Hiri ingurunea babestu behar dugu, zaindu egin behar dugu, eta ezin dugu utzi gure fatxadak, dendak eta hiri altzariak hondatzen, joan den martxoaren 17an gertatu zen moduan”, gaineratu du Borja Corominas bozeramaileak, hedabideetara gaztelania hutsean bidalitako oharrean.
Zinegotzi popularrak nabarmendu du manifestaziorako eskubidea “eztabaidaezina” dela edozein gizarte demokratikotan, baina “hiri ingurunea eta gainerako herritarren eskubideak errespetatuz” gauzatu behar dela adierazi du. Horrela, alderdiaren ustez, horren aurkakoa da manifestazioetan eta protestetan pintaketak eta bestelako ekintzak egitea, eta, horregatik, proposatu du halakoak gertatzen diren manifestazio eta protesten deitzaileak izan daitezela “kalteen erantzule —zuzenean edo subsidiarioki—, horiek prebenitzeko beharrezko neurriak hartu ez dituztenean”.
Zehazki, deitzaileei egon daitezkeen “kalte” horiek konpontzeko edo konponketen kostuak euren gain hartzeko 48 orduko epea ematea proposatu dute, baita zigor kodean 20.000 euroko isunetaraino heldu daitezkeen neurri berriak txertatzea proposatu ere.
Hala ere, Corominasen arabera, “helburua ez da eskubideak mugatzea, baizik eta deialdia egiten duenak bere erantzukizuna ere bere gain har dezan bermatzea”. “Ezin da izan auzotarrek, merkatariek edo hiri osoak ordaindu behar izatea besteek antolatzen dituzten ekitaldien ondorioak”, gaineratu du PPkoak.


