Trump eta Netanyahu Donostian 'persona non grata' izendatzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Victor Lasa eta Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiaren zinegotziak, udaletxeko prentsa aretoan, artxiboko irudi batean.Elkarrekin Donostia Elkarrekin Donostia udal taldeko bozeramaile Victor Lasak erakunde adierazpen proposamen bat erregistratu du Donostiako Udalean, eskatuz udalak persona non grata izendatu ditzala Donostian AEBetako presidente Donald J. Trump eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu. Proposamena bozeramaileen batzordean eztabaidatuko da, onartzen den ala ez den onartzen erabakitzeko.
Koalizioak azaldu duenez, “hiru puntutan egituratutako testuak gaitzesten du Amerikako Estatu Batuetako eta Israelgo gobernuek bultzatutako gerra berri baten hasiera, eta berresten du gure hiriaren konpromisoa nazioarteko zuzenbidearen, giza eskubideen eta edozein gatazka armatutan biztanleria zibilaren babesaren alde. Halaber, indar militarra erabiltzea eta giza bizitzen galera arinkeriaz tratatzen dituzten adierazpen publikoak arbuiatzen ditu”.
Donostia “hiri irekia, demokratikoa eta bakearekin konprometitua” dela nabarmendu du Lasak, eta, horregatik, “beharrezkotzat” jo du “udalak Trump eta Netanyahu persona non grata izendatzea, nazioarteko zuzenbidearen espirituaren aurkakoa den gerra berri bat abiatu dutelako”.
Lasaren ustez, “Donostiako Udalak historikoki defendatu ditu bakearen balioak, nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua, biztanleria zibilaren babesa eta gatazken konponbide baketsua, herrien arteko bizikidetzaren oinarrizko printzipio gisa”, eta, horregatik, gaineratu duenez, “ez litzateke ulertuko udalak adierazpen instituzional hau babestuko ez balu”.


