‘Agoteak’: Bazterketari eta askatasunari egingo die dantza Gero Axularrek
'Agoteak' ikuskizuna taularatuko du Gero Axularrek, igandean.Gero Axular Datorren igandean, hilaren 19an, Viktoria Eugenia antzokia agertoki paregabea bihurtuko da Gero Axular Kultur Taldearen proiektu berria ezagutzeko: Agoteak. Juan Luis Unzurrunzagak zuzendutako lanak memoria historikoa eta gaur egungo gizarte erronkak uztartzen ditu, dantza eta zuzeneko musika ardatz hartuta.
Produkzio handia prestatu du Gero Axularrek emanaldi honetarako, maila tekniko eta artistiko altua bermatuz: 90 dantzarik hartuko dute parte, eta 24 koreografia berrik osatzen dute ikuskizuna. Gainera, zortzi musikariek girotuko dute, zuzenean, ordu eta erdiko erakustaldia.
Bazterketatik, askatasunera
Agoteak ez da ohiko dantza ikuskizun bat; gizarte “irekiago eta errespetuzkoago” baten aldeko aldarri ozena da. Sinopsiak dioen bezala, historian zehar baztertua izan den Agote herriaren oihartzuna abiapuntutzat hartuta, gaur egungo gazteek jasaten dituzten mugei buruz hitz egiten du obrak: aurreiritziak, isekak eta inposatutako maskulinitate formak.
Ikuskizunak erakutsi nahi du nola, mendeak igaro arren, gizarteak desberdintasunari dion beldurrak hor jarraitzen duen. Hala ere, mezu positibo bat dakar: estigma hori indar bihurtzea eta lotsa, harrotasun.


