Greba mugagabea abiatu dute Donostiako Metropolitan kirol zentroko langileek
Pio Baroja pasealekuko Metropolitan kirol guneko langileen greba mugagabea hasi dute.ELA ELA sindikatuak deituta, greba mugagabea abiatu dute gaur, hilak 13, Donostiako Pio Baroja pasealekuko Metropolitan kirol zentroko langileek, “lan baldintza duinak aldarrikatzeko”. “Mobilizazio honen arrazoia langileek pairatzen duten prekaritatea da”, sindikatuak azaldu duenez: “Egungo lan baldintzak estatu mailako hitzarmen baten mende daude, eta soldatek nekez gainditzen dute Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS)”.
Ordainsari horiek “erabat eskasak” dira, ELAren ustez: “Ez datoz bat Donostiako bizi kostu altuarekin, ezta goi mailako kirol zentro baten eskakizun profesionalekin ere”. Horrela, “greba mugagabearen deialdia enpresarekin izandako negoziazio faltaren ondorio da”, sindikatuak salatu duenez: “Aurreko mobilizazioen ostean —joan den apirilaren 11ko elkarretaratzea barne—, enpresak ez du borondaterik erakutsi Gipuzkoako errealitatera egokitutako hitzarmen bat negoziatzeko”.
ELAk nabarmendu du mobilizazioekin jarraituko duela “langileen baldintzak nabarmen hobetu arte”, eta enpresa deitu du “elkarrizketara itzultzera eta plantillaren aldarrikapenei erantzutera”.



